Booktuber topaketa izango da ostiralean Deustuko Udal Liburutegian, Bilbon

Booktuberboom lehiaketaren kartela
BILBOKO UDALA
Actualizado: martes, 23 mayo 2017 14:14

BILBO, 23 (EUROPA PRESS)

Bilboko Udal Liburutegi Sareak lehenengo booktuber topaketa antolatuko du ostiralean, maiatzaren 26an, arratsaldeko 18:30ean, Deustuko Liburutegian, Booktuberboom EAEko I. Booktuber Lehiaketa aurkezteko asmoz. Euskarazko lehenengo booktuber lehiaketa da eta 14 eta 18 urte arteko gazteei zuzenduta dago. Irakurketa eta teknologia berriak bateratzen dituen fenomeno hori gazteen artean ezagutarazi nahi da, Bilboko Udalak jakinarazi duenez.

Booktuberboom lehiaketa Eusko Jaurlaritzako Liburutegi Zerbitzuak eta Galtzagorri elkarteak sustatu duen egitasmoa da, EAEko liburutegien laguntzarekin. Helburua da gazteen artean irakurketa eta liburutegien erabilera sustatzea.

Booktuberboom EAEko I. Booktuber Lehiaketa 14 eta 18 urte arteko gazteei zuzenduta dago. Minutu eta erdiko iraupena duen bideo bat grabatu beharko da, eta ondoren Youtubera igo, irakurritako euskarazko liburu bat gomendatuz edo horri buruzko kritika eginez.

Horrela, ostiralean Deustuko Udal Liburutegian egingo da topaketa. Bertan, Mattin Zeberio 17 urteko booktuberrak horrelako bideo bat zelan grabatu eta Youtubera zelan igo azalduko die bertaratzen direnei, eta planteatzen zaizkion zalantzei erantzungo die.

Lehiaketan parte hartu nahi dutenek urriaren 24ra (Liburutegien Eguna) arteko epea dute euren bideoa aurkezteko. Oinarri osoak webgune honetan daude: www.booktuberboom.wordpress.com.