Booktuberboom EAEko I. Booktuber Lehiaketa abian da

Booktuberboom lehiaketa abian
GALTZAGORRI
Actualizado: jueves, 23 marzo 2017 18:04

BILBO, 23 (EUROPA PRESS)

Booktuberboom Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) I. Booktuber Lehiaketa jarri dute martxan. EAEko 14 eta 18 urte bitarteko gazteei zuzendutako lehiaketa da, eta parte hartzaileek euskarazko liburu bat irakurri eta horri buruzko booktube bat sortu beharko dute.

EAEko Liburutegi Zerbitzuak eta Galtzagorri Elkarteak booktuberboom egitasmoa sortu dute, gaztetxoen artean ikus-entzunezkoen bidez irakurtzeko zaletasuna sustatzeko asmoz, eta mundu mailan sekulako arrakasta izan duen booktube fenomenoa baliatuz. Book (liburua) eta tube (Youtube) lotzen dituen bideoa da booktube, hau da, Youtube plataforman zintzilikatzen den liburu bati buruzko kritika edo iruzkina da, liburu baten irakurketa gomendatzeko norberak bere buruari egindako bideo grabazioa.

Arduradunek azaldu dutenez, egitasmoaren helburua EAEko Booktuber Plataforma sortzea da, "Euskal Booktuber Komunitatearen lehen hazia landatzen hastea, hain zuzen". Horretarako, Booktuberboom EAEko I. Booktuber Lehiaketa antolatu dute, eta 2017an egingo da EAEko Liburutegi Sarearen bidez.

Lehiaketan parte hartzeko epea urriaren 24an amaituko da. Parte hartzeko oinarriak https://booktuberboom.wordpress.com/ blogean edo parte hartzailearen herriko udal liburutegian eskuragarri daude. Lehiaketa sustatzeko booktuber topaketak antolatuko dira EAEko hainbat liburutegitan. Lehenengo topaketak honako leku eta egunetan egingo dira: maiatzaren 5ean Arrasateko Udal Bibliotekan, maiatzaren 12an Tolosako Udal Liburutegian eta maiatzaren 19an Deustuko Udal Liburutegian.