Bost euskal filmek Europako Batasuneko MEDIA programaren babesa jaso dute

"Chaika" filmak MEDIA programaren babesa jaso du
MEDIA
Actualizado: sábado, 21 mayo 2011 15:41

BILBO, 21 May. (EUROPA PRESS) -

Bost euskal ekoiztetxek beren filmak egiteko bultzada jaso dute Europako Batasuneko MEDIA programari esker. Egitasmo horri esker, Mikel Ruedak, Arkaitz Basterrak edo Raul de la Fuentek beren proiektu berriak martxan jartzeko diru-laguntza jaso dute, Iberrota Filmsen "Brava" eta Kinoskopiken "Chaika" lanekin batera.

Veronica Sanchez MEDIA programak Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) duen bulegoko zuzendariak "balorazio positiboa" egin du proiektuen kalitatearen inguruan.

MEDIA programak 20 urte egin ditu aurten, eta urte horietan guztietan ikus-entzunezko profesionalen trebakuntza abiarazi du eta produktoreei aholkua eman die. Urtero 300 bat proiekturen garapena babesten du programak, eta aurten bost euskal produkzio lagundu ditu. Guztira 292.512ko diru laguntza jasoko dute bost film hauek: "A escondidas" (Mikel Rueda), "Brava" (Roser Aguilar), "Chaika" (Kinoskopik), "Another Day of Life" (Raul de la Fuente) eta "Cafe Louvre" (Arkaitz Basterra).

Mikel Ruedaren "A escondidas" garapen prozesuan dago. 14 urteko bi gazteren amodio istorioa kontatu nahi du Bilbo hirian. Ibrahim eta Rafa dira pertsonaien izenak eta "Izarrren argia" zuzendu eta gero, zinemagile gazteak casting sendoa egiteko asmoa du, urte batean lan dinamikak osatze bidera aktore hasiberriekin. Aurreikuspenen arabera, 2012an hasiko da filmatzen.

Raul de la Fuentek Kapuscinski kazetari mitikoaren inguruko filma egin gura du. Oso proiektu pertsonala dela argitu du eta Poloniako Platige Image proiektuarekin ekoitziko du. "Oso garrantzitsua izan da guretzat MEDIA programaren diru laguntza. Horri esker momentu honetan Angolan gaude lanean. Protagonistak bilatzen ari gara", adierazi du Kanaki Filmseko produktore Amaia Remirezek.

Arkaitz Basterrak Pragan filmatuko du "Cafe Louvre". "Oso garrantzitsua da tamaina honetako laguntza. Alde batetik inbertsoreen arreta eragingo du MEDIA programaren babesa jaso duelako, eta bestetik pelikularen motibaziorako eragingarria da. Pelikularen zuzendari, gidoilari eta produktore ere banaizelako", adierazi du.

"Chaika" filmak Proiektu Onenaren Eurimages saria jaso zuen. Kinoskopik ekoiztetxeak, "Ori" aurkeztu eta gero, Ahysa prostitutaren istorioa kontatuko du, Siberiako eta Kazajistaneko paisaje lehorrak igarota. "Europako hainbat proiekturen artean aukeratu dute gurea, eta babes moral garrantzitsua jaso dugu. Gure mugetik haratago egitasmoa interesgarria dela ematen du aditzera", adierazi du Gorka Gomez Andreu produktoreak.

Iberrota Fims-ek, berriz, "Brava" filma jarriko du martxan, eta Roser Aguilar izango da zuzendaria. Pelikula horren bidez, krisi egoera pairatzen ari den emakumezko gazte baten kontakizuna islatuko du.