Bost film lehiatuko dira V. Sebastiane Latino saria lortzeko

Bost film lehian Sebastiane Latino sarirako
DONOSTIA ZINEMALDIA
Actualizado: martes, 11 julio 2017 11:35

DONOSTIA, 11 (EUROPA PRESS)

Bost film izango dira lehian V. Sebastien Latino saria eskuratzeko, 65. Donostia Zinemaldiaren baitan: Marcelo Caetanoren "Corpo Eléctrico" (Brasil), Santiago Giralten "Primavera" (Argentina), Ruben Mendozaren "Señorita María, la falda de la montaña" (Kolonbia), Sebastian Leiloren "Una mujer fantástica" (Txile) eta Nicolas Videlaren "El diablo es magnífico" (Txile).

Donostia Zinemaldiak gogoratu duenez, Sebastiane Latino saria Gehitu elkarteak ematen du, urtero, lesbiana, gay, transexual eta bisexualen aldarrikapen eta balioak hobekien adierazten dituen Latinoamerikako film luzea saritzeko. Epaimahaia Latinoamerikako LGBTI zinemagintzako adituek eta Gehitu Euskal Herriko LGBT elkarteko kideek osatzen dute.

Urteko ekoizpenaren gehiena ikusi ondoren, epaimahaiak emakumezko pertsonaiak protagonista izan eta emakume transexualen barru-barruko errealitatea islatzen duten filmak nabarmendu nahi izan ditu. "Prostituzioaren moduko estereotipoetatik urrun dauden erretratuak dira, nahiz eta, maiz, eguneroko bizitza aurka duten pertsonaiak bihurtu istorioetako ardatz", adierazi du epaimahaiak.

Azaldu dutenez, androginiak eta drag munduak ere presentzia handia izan dute, eta "agerira ekarri dute zein mehea izan daitekeen sexu bat bestearengandik bereizten dituen hesia". "Zehazgabetasun hori, hirugarren sexua, fisikoaz edo etiketez harago doan norberaren nortasunaren bilaketa bat da; izan ere, betiere gizakia soilik datza azpian", azaldu du.

"Familia molde berriek" delakoek ere presentzia izaten jarraitzen dute, "eta erakusten dute dagoeneko ez direla hain berritzaileak, baliozko aldagai emozionalak baizik", ondorioztatu dute.