BTEK Bizkaiko Teknologiaren Interpretazio Zentroak 4.000tik gora bisitari jaso zituen 2013an

Ikasle talde bat BTEK zentroan
Foto: BTEK
Actualizado: jueves, 16 enero 2014 17:54

BILBO, 16  (EUROPA PRESS)

   BTEK Bizkaiko Teknologiaren Interpretazio Zentroak 4.000tik gora bisitari jaso zituen 2013. urtean zehar, hau da, aurreko urtean baino %7 gehiago. Bisitari guztietatik ia 2.500, ikasle eta irakasleak izan ziren, aurreko urtean baino %10 gehiago, alegia. Hezkuntza zentroetatik eta beste erakunde batzuetatik etorritako taldeen kopuruak %37 egin zuen gora, 107 taldek bisitatu baitzuten BTEK iaz, aurreko urtean 78 izan ziren bitartean.

   Bisitarien jatorriari dagokionean, gehiengoa Bizkaikoa izan da, %87; Gipuzkoakoak %8 izan dira, Arabakoak %1, Estatuko autonomia erkidegoetakoak %1 eta nazioartekoak %3, BTEK zentroko iturriek prentsa ohar bidez jakinarazi dutenez.

   Hezkuntza zentroetatik jasotako bisitez gain, zentroko arduradunek nabarmendu dute 2013an hainbat udal erakundek antolatutako bisitak hartu zituztela, hala nola Zamudio, Galdakao, Berriz edo Bermeokoak, bai eta zenbait guraso elkartek antolatutakoak ere. Uda garaian, berriz, hainbat erakundek sartu zuten BTEK beren udalekuen egitarauetan, besteak beste, Euskanpusek, Aisilan kultur elkarteak edo Athletic Fundazioak.

   Iaz zentroan egindako ekitaldien artean, aipatzekoak dira "Ciencia en Acción" ekimena, Eiken Ikus-entzunezkoen Euskal Klusterraren Biltzar Orokorra edo azaroko Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkearen Ate Irekien Jardunaldia, zentroa ezagutzeko eta bertan antolatutako ekintzetan parte hartzeko milaka lagunek baliatu zutena.

   Halaber, azpimarratzekoa da Pazko Astean egin zen BTEKanp kanpamentu teknologikoa, non 40 neska-mutilek parte hartu zuten. Zentroan bertan eskainitako zientzia eta teknologia tailerrez gain, Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkean kokatutako enpresak ezagutzeko aukera izan zuten gazteek, bai eta kirol jarduerak egiteko aukera ere.

   Bestalde, Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkearen BTEK zentroa zientzia eta teknologia alorrean egiten ari den hedapen lanak izan zuen saririk iaz, Europako Batzordeak parkea zoriondu baitzuen Zero-Hytechpark proiektuaren hedapenean egiten ari den lanagatik. BTEK zentroa da proiektuaren hedapen gunea, modulu interaktibo baten eta tailer baten bidez, non hidrogenoaren teknologien funtzionamendua azaltzen den.

WEBGUNE BERRIA

   Halaber, 2014. urtea hastearekin batera, Teknologiaren Interpretazio Zentroak webgune berria estreinatu du. BTEK zentroari eta bere heziketa eskaintzari buruzko informazio zabala eta argazkiak eskaintzeaz gain, zentroa bisitatzeko erreserbak egiteko aplikazioa du gune berriak.

   Gune berriak elementu dinamikoa izan nahi du, eta hortaz, denbora epe laburrean blog bat irekiko da, ikasle eta irakasleei zuzendutakoa, non informazioa trukatu eta zalantzak argitu ahal izango diren.

   Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkeak abiarazitako proiektua da BTEK, teknologia gazteengana hurbildu eta kultura zientifiko eta teknologikoa bultzatzeko helburuarekin. Gazteen artean zientzia eta teknologia alorreko bokazioak sustatzeko asmoz, modulu desberdinetan daude banatuta eduki zientifiko eta teknologikoak. Horrekin batera, tailerrak ere egiten dira: Biozientziak, Robotika, Hidrogenoa eta energia berriztagarriak, eta Zuhaitzen identifikazioa tailerrak dira egun BTEKek eskaintzen dituenak.

   2010ean ireki zituen ateak BTEKek eta ordutik hona, gero eta baliabide ezagunagoa bihurtzen ari da, ez bakarrik heziketa zentroetan, baita gazteentzako aisialdi programak antolatzen dituztenen artean ere, izan ere, gazteak zientzia eta teknologiara modu dibertigarrian hurbiltzeko azpiegiturarik aurreratuena baita BTEK.