BTEKanp kanpamentu teknologikoa egingo da Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkean apirileko lehen astean

Actualizado: lunes, 4 marzo 2013 13:57

BILBO, 4 Mar. (EUROPA PRESS) -

Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkeak BTEKanp Kanpamentu Teknologikoak antolatu ditu 9 eta 16 urte bitarteko gazteei zuzenduta. Kanpamentuak BTEK Teknologiaren Interpretazio Zentroan egingo dira, apirilaren 2tik 5era bitartean, 9:00tatik 18:00etara, antolakuntzak jakinarazi duenez.

Gazteengan zientzia eta teknologiarekiko interesa piztea helburu izanik, zientzia eta teknologiarekin lotutako gaiek osatuko dute lau egunetako egitaraua, alde batetik BTEKen bertan egingo diren tailerren bidez eta, bestetik, enpresetara egingo diren bisitekin.

Tailerrei dagokienean, hidrogeno eta energia berriztagarriei buruzkoa izango da bat. Energia berriztagarriak aztertu eta hauetan oinarritutako kit praktiko desberdin eta multimediak erabiliz, hidrogeno bidez energia gordetzeko metodologia erakutsiko da bertan.

Robotika tailerrean berriz, bideo, jolas eta Lego Mindstorm robot bat programatuz, NXT software bisualaren bidez, robotikaren oinarriak aztertuko dira, modu praktikoen: sarrerak (sentsoreak), irteerak eta informazioaren prozesua.

Zuhaitz eta errekei buruzko tailerraren edukia naturarekin lotuta dago erabat, bereziki Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkea inguratzen duen ingurua. Alde batetik, Euskadiko zuhaitzen identifikazio genetikoa egingo da, DNA sekuentzia eta polena erabiliz. Esperimentu honekin hainbat zuhaitz-espezieren izenak zehaztu ahal izango dituzte gazteek, baita bertokoak edo inbaditzailek diren ere, euren ezaugarri morfologikoak zein DNA kontutan hartuz. Bestalde,

BTEKen ondotik doan erreka ere aztertuko dute, laginak bildu eta ingurumen-egoera ikusiz.

Scratch tailerra baliogarri izango dute gazteek informatika-aplikazio hau gertutik ezagutzeko; interfaze grafiko sinple baten erabileraren bidez ordenagailuen programazioaren kontzeptuak esporatzea eta saiakerak egiteko gaitasuna ematen du aplikazio honek.

BTEK eraikinaren barruan egingo diren tailerrez gain, Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkean kokatutako zenbait enpresa bisitatuko dituzte gazteek, bertan egiten duten lana hurbiletik ikusi eta erabiltzen dituzten teknologia berriak ezagutzeko.