Burdinbidearen Euskal Museoak hainbat jarduera antolatuko ditu Museoen Nazioarteko Eguna dela eta

Film historikoak ere eskainiko dira
EUSKOTREN
Actualizado: martes, 9 mayo 2017 14:28

DONOSTIA, 9 (EUROPA PRESS)

Euskotren sozietate publikoaren Burdinbidearen Euskal Museoak Museoen Nazioarteko Eguna ospatuko du datorren igandean, maiatzaren 14an, Azpeitiko instalazioetan, eta hainbat jarduera antolatuko ditu, Eusko Jaurlaritzak jakinarazi duenez.

Munduko museoen komunitateak Museoen Nazioarteko Eguna ospatzen du maiatzaren 18an. Aurten, Burdinbidearen Euskal Museoak maiatzaren 14ra eraman du ospakizun nagusia, Euskadi osotik Azpeitiraino bisitarien helduera errazteko asmoz.

Horrela, iganderako aurreikusita dauden jardueren artean dago Beasaingo CAF enpresaren urteurreneko erakusketaren irekiera, desagertutako Urolako trenbidearen trakziozko antzinako azpiestazioko eraikinean. Beasaingo Lemniskata elkarte kulturalarekin, Euskotrenekin eta CAF enpresarekin batera egin den erakusketa da.

15 informazio taulen bidez, enpresa 1860an sortu zenetik 1917an Trenbideko Konpainia Laguntzailea eratu arte izan duen bilakaera, eta ordutik gaur arteko bilakaera islatzen ditu. Era berean, Martin Garcia Garmendiak eta Juanjo Olaizolak idatzitako erakusketaren gida osoa erosi ahal izango dute bisioariek.

Erakusketaren irekierarekin batera, Burdinbidearen Euskal Museoak hiru tren historiko jarriko ditu zirkulazioan Azpeitiko geltokia eta Lasao artean, Urola ibaiaren ibilguaren ertzetik doan bost kilometroko ibilbidean. Lehen zerbitzua Azpeitiko nasetatik 11:00etan irtengo da, eta Rotterdamen (Holanda) 1953an eraiki zen eta Portugaleko trenbideetatik datorren diesel-elektriko automotore batek eskainiko du.

Bigarren irteera 12:00etan izango da, museoaren beteranoetarikoa den Zugastieta lurrunezko tren makina buru dela. Zornotzatik Gernikarako trenbiderako 1888an Glasgowko Sharp Stewart eskoziar konpainiak eraiki zuen.

Azkenik, 13:00etan azken trena irtengo da. Lurrun eta diesel trakzio bikoitz interesgarria eskainiko da, Mallet sistemaren araberako E-205 lurrunezko tren makina artikulatuarekin (Portugaleko trenbideetarako Henschel enpresa alemanak 1913an eraikia) eta euskal-asturiar trenbideko 1004 diesel-elektriko tren makinarekin (Alsthomek 1965ean eraikia).

FILMAK

Halaber, Museoen Nazioarteko Egunean, maiatzaren 18an, desagertutako Urolako trenbideari buruzko bi film historiko eskainiko dira. Lehena erabat berria da eta Espainiako Zinemateka Nazionalaren laguntzari eta Fernando Trevijano Lardies filmaren egilearen bilobari esker berreskuratu da; 1926ko otsailaren 22an desagertutako Urolako trenbidearen inaugurazio ekitaldiak ikusten dira.

Beste filma 1951eko otsailaren 22an egin zen Urolako trenbidearen 25. urtemuga zela eta, eta Euskal Filmotekarekin batera zaharberritua izan da. Bi emanaldiak Musoen Nazioarteko Egunean ikusiko dira, 19:00etan, Azpeitiko Burdinbidearen Euskal Museoaren ekintaldi aretoan.