Busturialdea, Bergara eta Tolosako auzolandegiak abian, 46 gazteren parte hartzearekin

Auzolandegiak
EUSKO JAURLARITZA
Actualizado: lunes, 3 julio 2017 14:21

BILBO, 3 (EUROPA PRESS)

Mundakako (Busturialdea), Bergarako eta Tolosako auzolandegiak jarri dira martxan astelehen honetan, eta 46 neska-mutilek parte hartuko dute. Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak hiru lurralde historikoetako zortzi udalerri edo eskualdetan abian jarri dituen auzolandegietan 207 gaztek parte hartuko dute guztira.

Ander Añibarro Gazteriako zuzendariak esan duenez, auzolandegietan "Euskaditik, atzerriko herrialdeetatik eta estatuko beste leku batzuetatik heltzen diren neska-mutilak batuko dira".

Jatorri desberdineko neska-mutil gazteen taldeak borondatez eta eskuzabaltasunez, bi eta lau aste bitartean, gizarte proiekzioa duen lan bat egiteko konpromisoa hartzeko antolatzen den jarduera da auzolandegia. Jarduera hori beste jarduera osagarri batzuekin uztartzen da. Proiektua hainbat balio sustatzeko bidea da, besteak beste, bizikidetza, tolerantzia, elkartasuna, parte hartzea edo kulturen arteko ikaskuntza.

Astelehen honetan abian jarri diren auzolandegien txandan 46 neska-mutilek parte hartuko dute. Busturialdean, 17 gazte izango dira guneko 5-15 urteko ume eta gazteek ingelesaren ezagutza hobetzeko arduradun; Bergaran, 15 pertsonak parte hartuko dute Mizpirualde egoitzan belaunaldien arteko truke batean; Tolosan, 14 neska-mutilek Uzturreko bainuak berreskuratzeko ahalegina egingo dute.

Uztailaren 17an hasiko dira Aguraingo (16 gaztek parte hartuko dute), Lekeitioko (19) eta Lemoako (16) auzolandegia, bai eta Busturialdeko (10) eta Tolosakoen (18) bigarren txandak. Uztailaren 31n, Arraia-Maeztuko (12) eta Galdameseko (20) auzolandegi hasiko dira, eta Lekeitiokoaren (20) eta Lemoakoaren (20) beste txanda bat egingo da.