Busturialdeko I. Enpresa Ideien Lehiaketako sariak banatu dira

Saridunak
BERMEOKO UDALA
Actualizado: viernes, 19 diciembre 2014 17:50

BILBO, 19 Dic. (EUROPA PRESS) -

Busturialdeko I. Enpresa Ideien Lehiaketaren sari banaketa ekitaldia ospatu da Bermeoko (Bizkai) Nestor Basterretxea aretoan ostiral honetan. Ekintzaileentzako Ikaskuntza Bidaiak jaso du lehenengo saria, 3.000 eurokoa, Dalata.net ekimenak bigarrena, 2.000 eurokoa, eta Longane-Urdaibai S.L. sozietateak lehen sektorearekin zerikusia duen ideia onenaren saria jaso du, 1.000 eurokoa.

Lehenengo saria jaso duen Ekintzaileentzako Ikaskuntza Bidaiak, ekintzailetzarekin zerikusia duten ikaskuntza bidaiak antolatzeko 'start up' delako bat sortzea du helburu, batetik, kooperatibagintza kultura hedatzeko eta bestetik, euskal gazteriak beste herrialde batzuetako enpresa mundua ezagutzeko.

Ideiaren sortzailea Jon Ander Musatadi 21 urteko gernikarra da. Mondragon Unibertsitatean ari da Lidergo Ekintzailea eta Berrikuntza gradua egiten eta jada Txinara egingo duen lehen kontakturako bidaia buruan du.

Bigarren saria jaso duen Dalata.net Bermeoko kontserbak eta turismoa uztartzen dituen enpresa da, 2014an sortua eta aurtengo Arrain Azokan ezagutzera eman dena. Ideiaren sortzaileak Unai Bilbao eta Ekaitz Goienetxea bermeotarrak eta Sergio Matellanes bilbotarra dira.

Unai harreman publikoen eta webgunearen programazio arduraduna da, eta ikasketaz, ingeniari tekniko industriala. Ekaitz, berriz, marka, komunikazio eta diseinu arduraduna da eta ikasketaz, Kazetaritzan lizentziatua da. Azkenik, Sergio banaketa eta administrazio arduraduna da, eta ikasketaz, goi teknikaria telekomunikazio sistematan eta administrazio sistematan.

Bestalde, lehen sektorearekin zerikusia duen ideiarik onenaren saria Longane - Urdaibai S.L. eskualdeko nekazaritza eta produktuen dinamizazio plataformak eraman du. Ideiaren sortzaileak bi anaia bermeotar dira: 22 urteko Psikologia Graduatua den Xabier Ojinaga eta 24 urteko Mikel Ojinaga nekazaritza ingeniaria.

2014ko otsailean sortutako enpresa da Longane, Bermeoko landa eremuan kokatua, eta bi ardatz nagusi ditu: baserrian ekoizten dituzten produktuak gero eta ekologikoagoak izatea eta eskualdeko ekoizle eta bezeroen arteko harreman zuzena bermatzea. Longane Urdaibaik, produktu naturalak ekoizteaz gain, Euskal Herriko produktuak Internet bidez ere saltzen ditu, www.longane.net webgunearen bidez.

Idurre Bideguren Bermeoko alkateak, Maitane Leizaola Bizkaiko Foru Aldundiko Gazteria eta Kirol zuzendariak eta Josu Olano Urremendi Landa Garapeneko Elkarteko presidenteak parte hartu dute sari banaketan, besteak beste.

Busturialdeko I. Enpresa Ideien Lehiaketa Urremendi Landa Garapenerako Elkarteak abiarazi du, Gernika-Lumoko eta Bermeoko udaletako gazteria zerbitzuekin batera, eta bere helburuak enplegua sortzea eta Busturialdeko gazteen ekintzailetza kultura sustatzea dira. Lehiaketara 24 enpresa eta enpresa ideia aurkeztu dira eta maila oso ona izan dute.