Carmen San Estebanek "Vanitas vanitatis" muntaia eszenikoa aurkeztuko du Gasteizko Artiumen

Actualizado: miércoles, 8 julio 2015 13:51

GASTEIZ, 8 (EUROPA PRESS)

   Carmen San Esteban antzezleak "Vanitas vanitatis" lana aurkeztuko du ostiralean eta larunbatean, uztailaren 10ean eta 11n, Gasteizko Artium Arte Garaikideko Euskal Zentro Museoan ikusgai dagoen "Eragabetasuna. Orraztu gabeko artearen kasu bitxia" erakusketaren baitan.

   Artium Bildumako artelanetan oinarrituriko muntaia da, eta, horretarako, Daniel Castillejo komisario duen erakusketako piezak erabiliko ditu San Estebanek abiapuntu gisa, "zenbaiten helburu pertsonalen hutsaltasuna eta egungo krisi sozial, politiko eta ekonomikoaren testuinguruan askatasuna nola bila daitekeen antzezteko", museoko arduradunek azaldu dutenez.

   Aktore arabarra arte garaikidera hurbilduko da berriz ere lau urteko etenaldi baten eta "Emakume heroiak", "Denbora gurutzatuz" eta "In-posible realidad" muntaiak arrakastaz burutu ondoren; lan horiek ere Artium bildumaren beste horrenbeste erakusketatan oinarrituak daude. Carmen San Estebanek sei emanaldi eskainiko ditu Artiumeko Hegoa aretoan, guztiak dohainik, nahiz eta ikus-entzule kopurua mugatua izango den.

   Oraingoan, hiru ordu laurdenez, gutxi gorabehera, "Eragabetasuna" erakusketan barrena ibiliko da San Esteban zapata urratu pare baten istorioa kontatzen duen emakume baten rola eginez. Ibilaldi horretan, Artiumk bildumako artelan batzuen aurrean geldituko da, iraganeko banitateen oroitzapenekin lotzeko, eta, azkenean, sekretu bat jarriko du agerian, bere egungo askatasun-bilaketari zentzua ematen diona.

   Aktore arabarrarenn proposamenean ez dira falta egungo egoera politiko, sozial eta ekonomikoaren aipamenak, zailtasun bereziak dituen testuinguru batean bere bizi arazoak gainditzen ahalegintzen den pertsona baten ikuspuntutik kontatuak.

LAUGARREN ALDIA

   Laugarren aldia da Carmen San Esteban Artium bildumaren erakusketa baten aurrean jartzen dela, "Ekintza errealetan oinarrituta" erakusketarekin lotutako muntaiarekin lehen zikloa itxi eta handik lau urtera. Lehendabizikoa "Emakume heroiak" izan zen, 2009an "Heroirik ez gehiago" erakusketarako egina, eta bigarrena "Denbora gurutzatuz", 2010ean, "Denbora mendekatzailea" erakusketaren inguruan.

   Bere emakumetasuna garrantzitsua izan da beti Carmen San Estebanek Artiumen egin dituen muntaia guztietan, eta hala izango da oraingoan ere, "Vanitas vanitatis" lanaren aurkezpenean.

   Antzezleak sei emanaldi eskainiko ditu guztira ostiralean eta larunbatean, 19:00etan, 20:00etan eta 21:00etan. Saio guztiak doakoak izango dira, baina parte har dezakeen lagun kopurua gehienez ere 25ekoa denez, aurretik tokia gordetzea komeni da 945 20 90 20 trelefonora deituz.