Chloe Lacan artista frantsesak bere ikuskizuna eramango du Bilboko BBK Aretora maiatzaren 1ean

Chloe Lacan Musiketan Zikloan Ariko Da Maiatzaren 1Ean
PRODUCCIONES SERRANO
Actualizado: miércoles, 27 abril 2011 20:38

BILBO, 27 Abr. (EUROPA PRESS) -

Chloe Lacan artista, abeslari eta akordeoi-jotzaile frantsesak kontzertu-ikuskizuna eskainiko du maiatzaren 1ean Bilboko BBK Aretoan, Musiketan zikloaren baitan. Emanaldia 20:00etan hasiko da eta sarrerak aretoko txarteldegietan, BBKren orotarako kutxazainetan, www.generaltickets.com/bbk webgunean eta 944 310 310 telefonoan eros daitezke, Producciones Serrano-ko iturriek jakinarazi dutenez.

Lacan aktore gisa ekin zion bere ibilbide artistikoari 1994an, eta ordutik hona lan ugaritan aritu da. 1996an akordeoiarekin maitemindu zen eta oraindik ez du utzi. Hamar urtez, La Crevette d'Acier taldearekin batera, abestiak jo, kantatu eta konposatu zituen. Frantzia osoan aritu ziren eta bi disko argitaratu zituzten.

2008tik bakarlari gisa aritu da. Bere ikuskizunean kantautorea, abeslaria, akordeoi-jotzailea eta piano-jotzailea da. Generoak nahastea gogoko du, eta diba, rock-izar edota pailazo baten antzera abesten du lasai asko. Publikoa umorez eta poesiaz betetako bidaia batera gonbidatzen du, jazza, ijito-musika opera edota disko-musika bera ere erabilita.

Oraingoan, "Plaisirs Solitaires" bere azken diskoa aurkezten dabil. Abestien "multzo eder eta intimoa da". Chloe Lacanek berak konposatu du kanten musika eta hitz batzuk, D. Dutrait, F.Naud, V. Tirilly, C.Perrard, Cole Porter edo Boris Vianen hitzak ere erabiliz.