Christian McBride 365 Jazz Bilbao zikloan izango da ekainaren 2an

Christian McBride
Foto: 365 JAZZ BILBAO
Actualizado: martes, 26 mayo 2015 13:11

BILBO, 26 (EUROPA PRESS)

   Christian McBride Filadelfiako (AEB) baxu jotzaileak bukatuko du Bilbao 700 Fundazioak antolatzen duen 365 Jazz Bilbao zikloaren zortzigarren edizioa, ekainaren 2an Campos Eliseos antzokian 20:00etan eskainiko duen kontzertuarekin. Sarrerak 6 euro balio du, antolatzaileek jakinarazi dutenez.

   McBridek "musikarekiko grina eta benetakotasuna alor guztietan" islatzen duela nabarmendu du antolakuntzak. Bilbon hirukote "dibersifikatu" batekin izango da: McBride bera da burua, eta berarekin batera izango dira Christian Sands piano jotzailea eta Ulysses Owens bateria jotzailea.

   Azken urteetan, Filadelfiako musikariak ehunka diskotan kolaboratu du eta birak edo grabazioak egin ditu David Sanboen, Chaka Khan, Natalie Cole, George Benson, Joe Hnderseon, Betty Cartes edo Milt Jackson bezalako artistekin.

   Christian McBride Filadelfian jaio zen, 1972an. Bere lehen instrumentua baxu elektriko bat izan zen, 9 urterekin, eta bi urte geroago baxu akustikoa etorri zen. 1989an beka bat lortu zuen Juilliard School eskola ospetsura joateko, eta han Homer Mensch legendako baxu jotzailearekin ikasi zuen.

   Izen oneko eskola horretan urtebete emanda, eskola uztea eta Roy Hargrove tronpeta jotzailearen lehenengo bandarekin bira egiteko erabaki zuen, "ahalik eta musikaririk gehienekin esperientziak izatea eta horiek guztiak maisu edukitzea aukeratuz".

   'Rolling Stone' aldizkariak "Hot Jazz Artist" izendatu zuen 1992an. Special Quartet laukotean aritu zen, Pat Metheny buru zela, eta 1994an lehenengo lana grabatu zuen buru bezala: "Gettin to it" (Verve Records). Diskoetxe berarekin beste hiru lan grabatu zituen, 1996an, 1998an eta 2000n.

   2011n Grammy sarietarako hautagai izan zen, eta bere konposizio klasikoz eta zenbait moldaketaz osatutako "The Good Feeling" argitaratu zuen. 2013n "People Music" kaleratu zuen.