Cosima Dannoritzerrek zabor elektronikoari buruzko bere azken dokumentala aurkeztuko du Donostian ostegun honetan

Actualizado: miércoles, 11 marzo 2015 15:04

DONOSTIA, 11 (EUROPA PRESS)

   Cosima Dannoritzer zuzendari alemanak "La tragedia electrónica" dokumentala aurkeztuko du Donostian ostegun honetan, martxoaren 12an. Emanaldia arratsaldeko 18:30ean hasiko da, Cristina Eneako Ingurumen Baliabideen Etxean, doako sarrerarekin, aretoa bete arte, Donostiako Udalak jakinarazi duenez.

   "Comprar, tirar, comprar" dokumentalarekin hasitako bideari jarraipena eman nahi dio Dannoritzerrek bere lan berriarekin. Dokumentalean, Europa eta AEBetatik Afrika eta Asiako zabortegietara bideratzen diren gailu elektronikoen hondakinen birziklatze ilegalari buruz hitz egiten du zuzendari alemanak. Urtero 50 milioi tona zabor elektroniko sortzen dituzte garatutako herrialdeek eta horietatik %75 desagertu egiten dira birziklatzeko bide ofizialetatik.

   "La tragedia electrónica" dokumentalak "Comprar, tirar, comprar" lanean ezagututako toki batera darama ikus-entzulea: Ghanako Agbogbloshie zabortegira. Bertan jabetuko da nola azken urteetan bikoiztu egin den Afrikara iristen den zabor elektroniko kopurua.

   Lan honek Europako hainbat herrialdetatik, Txinatik, Afrikako zenbait txokotatik eta AEBetatik barrena eraman du egilea, Europako birziklatze sistemaren ahuleziak eta AEBen konpromiso legal eza agerian utziz, bai eta ikusleari ezagutaraziz Txinan literalki hondakin elektronikoz gainezka dauden herrixkak, ingurumenarekiko edota bertako biztanleen osasunarekiko inolako begirunerik gabe.

   Cosima Dannoritzer bera Donostian izango da, eta proiekzioaren ostean berarekin solasaldia eta eztabaida izateko aukera izango dute bertaratzen direnek.