Cristobal Balenciaga Museoak Lopez-Ibor bildumaren 35 laneko dohaintza bat jaso du

Dohaintzan emandako jantzietako bat
Foto: CRISTOBAL BALENCIAGA FUNDAZIOA
Actualizado: viernes, 17 febrero 2012 13:06

DONOSTIA, 17 (EUROPA PRESS)

   Cristobal Balenciaga Fundazioak Lopez-Ibor bildumaren 35 lanez osatutako dohaintza bat jaso du, "oso ondare-sarrera esanguratsua", bai kopuruaren aldetik, baita kalitatearen ikuspegitik ere, bere bilduman ordezkatuta ez zeuden garaietako lan adierazgarrienetako zenbait biltzen baititu, Getariako museoaren arduradunek nabarmendu dutenez.

   Lopez-Ibor ahizpek egin dute dohaintza, Juan Jose Lopez-Ibor Espainiako psikiatriaren erreferentziazko psikiatra ospetsuaren alabek, alegia. Jantziak beren ama zenarenak ziren, Socorro Aliño andrearenak, hain justu.

   Aurrerantzean, Cristobal Balenciaga Museoaren Kontserbazio eta Leheneratze Saila arduratuko da bilduma leheneratzeaz, kontserbatzeaz eta zaintzeaz. Piezak 1930eko hamarkadakoak eta 1960ko hamarkadaren lehen erdialdekoak dira, egunekoak, koktelekoak zein gauekoak. Bada 1940ko hamarkadaren erdialdeko pieza bitxi bat ere, 'déshabillé' izenez ezaguna. Pieza horiek guztiek hutsune handiak beteko dituzte museoak zaindutako bilduman.

   Lopez-Ibor sendiak egindako dohaintza honakoa da, zehazki: 12 soineko, hiru eguneko konjunto, lau beroki, zazpi kapela (hegaldunak, kasketak, boneteak eta burukoak), zazpi zeremonia eta gaueko eskularru pare eta 1950eko hamarkadako botoi sorta bat.

   Cristobal Balenciaga Museoaren bildumak 1.290 pieza dauzka orain, eta, Balentziagaren sorkarien munduko bilduma handiena izateaz gain, garrantzitsuena ere bada, hala hedadura kronologiko zabalarengatik, nola berau osatzen duten piezen kalitateagatik. "Garrantzi horrek nazioarteko moda bildumen artean leku pribilegiatuan kokatzen du", azpimarratu dute.