Cuarteto Abreu eta Daniel Huertas klarinete jotzailea, Vital Fundazioaren Astearte Musikaletan

Cuarteto Abreu eta Elena Escalza zuzendaria
VITAL FUNDAZIOA
Publicado: lunes, 19 febrero 2018 17:36

GASTEIZ, 19 Feb. (EUROPA PRESS) -

Vital Fundazioak antolatzen duen Astearte Musikalak ganbera musikako zikloak Cuarteto Abreu harizko taldea eta Daniel Huertas klarinete jotzailea elkartuko ditu agertokian asteartean. otsailaren 20an. Errezitaldia 20:00etan hasiko da, Vital Fundazioa Aretoan, Gasteizen eta W. A. Mozart eta Franz Schubert konpositoreen lanez osatutako egitaraua interpretatuko dute.

Antolakuntzak jakinarazi duenez, Cuarteto Abreu taldea 2015ean sortu zen, Musikenen, Laura Sanchez eta Alberto Cid biolin jotzaileen, Ines Moreno biola jotzailearen eta Nora Lopez biolontxelo jotzailearen eskutik, eta Elena Escalzaren gidaritzapean. Taldearen izena Jose Antonio Abreu maisuari zor diote, Venezuelako Gazte eta Haur Orkestra Sistema Nazionalaren sortzaile izan zenari, hain zuzen ere.

Sortu zenetik, laukoteak areto askotan jo du, esate baterako, Donostiako Miramar Jauregian, Bilboko J. C. Arriaga Kontserbatorioan eta Euskalduna Jauregian, Getxoko Andres Isasi Musika Eskolan edo Nautikako Santanderreko Goi Mailako Eskolan. 2016ko abuztuan Donostiako Hamabostaldiaren 77. edizioan aritu ziren, eta, hurrengo urteko martxoan, Bilboko Musika-Música jaialdian.

Bestalde, Daniel Huertas klarinete jotzailea Madrilen jaio zen, baina gaztaroa Ciudad Realen egin zuen, eta musika prestakuntza Campo de Criptana-Alcázar de San Juan Musika Kontserbatorio Profesionalean burutu zuen. Gaur egun, goi mailako musika ikasketak osatzen ari da, klarinete eta orkestra zuzendaritza arloan, Musikenen.

Kontzertua 20:00etan hasiko da, Vital Fundazioa Aretoan, eta sarrerak aretoan bertan erosi daitezke emanaldia hasi baino ordubete lehenagotik aurrera, zortzi euroko prezioan.