Danny DeVito aktore, zuzendari eta produktorearen ibilbidea omenduko dute 66. Zinemaldian, Donostia saria emanez

Danny DeVito, Donostia saria
DONOSTIA ZINEMALDIA
Publicado: lunes, 20 agosto 2018 12:03

DONOSTIA, 20 Ago. (EUROPA PRESS) -

Danny DeVitok (Neptune, Estatu Batuak, 1944) Donostia Zinemaldiaren 66. edizioko Donostia saria jasoko du irailaren 22an (larunbata) Kursaalean. Hurrengo egunean, irailaren 23an, 'Smallfoot' filma aurkeztuko du Belodromoan.

Antolatzaileen esanetan, sariaren bidez ia bost hamarkadako ibilbidea omendu nahi dute. Denbora horretan, antzerkian, zineman eta telebistan aritu da aktore eta errealizadore lanetan istorioak kontatzen, edo produktore gisa proiektuak babesten. Besteak beste, aktore lanak egin ditu 'One Flew Over The Cuckoo's Nest' (Kuku-habiaren gainean hegan, 1975), 'L. A. Confidential (1997) eta The Virgin Suicides (1999) filmetan; halaber, 'Matilda' (1996), 'Hoffa' (1992) eta 'Curmudgeons' (2016) ekoitzi, zuzendu eta antzeztu ditu, baita Quentin Tarantinoren 'Pulp Fiction' (1994) kultuzko filma ekoitzi ere, besteren artean.

Ahots-aktore gisa ere lan egin du DeVitok animazioko film batzuetan: 'Space Jam' (1996), 'Hercules' (1997), 'The Lorax' (2012) edo Donostiara aurrenekoz ekarriko duen filma, 'Smallfoot', Belodromoan proiektatuko dena. Antolatzaileek jakitera eman dutenez, Danny DeVitori Donostia saria emateko ekitaldirako sarrerak dagoeneko salgai daude, eta 45 euro balio dute. Rodrigo Sorogoyenen 'El Reino' filmaren proiekzioaren aurretik emango zaio saria, irailaren 22an (larunbata), 19.30etan. Sarrerak salgai dauden dagoeneko Zinemaldiaren webgunean.

Gainera, salgai daude Hirokazu Koreedari emango zaion Donostia saria entregatzeko ekitaldirako sarrerak ere. Irailaren 23an izango da, igandez, 20.30etan, 'Manbiki kazoku / Shoplifters' filmaren proiekzioaren aurretik.