Datuak Babesteko Euskal Bulegoak datuen pribatutasuna defendatzeko proposatu die irakasle, ikasle eta familiei

Actualizado: viernes, 27 enero 2012 13:10
cia" class="NormalTextoNoticia" itemprop="articleBody">

BILBO, 27 (EUROPA PRESS)

   Datuak Babesteko Euskal Bulegoak, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarekin batera, hezkuntza-gida bat jarri du irakasle eta ikasleen eskura, pribatutasunaz eta gizarte-sareen, interneten eta telekomunikazioen munduan datu pertsonalak babestu beharraz sentsibilizatzeko helburuarekin.

   Larunbat honetan ospatzen den Datuak Babesteko Europako Egunarekin bat etorrita, Datuak Babesteko Euskal Bulegoak pribatutasunaren eskubidea dibulgatu nahi du gida honen bitartez. Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren eta datuak babesteko Irlandako Goi Komisarioaren Bulegoaren arteko lankidetzaren ondorioa da gida berria eta toki mailako errealitatera egokitu da. Proiektua datuak babesteko estatuko gainontzeko agintarien parte-hartzearekin gauzatu da.

   Iñaki Vicuña Datuak Babesteko Euskal Bulegoko zuzendariak eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuorde Maria Antonia Ozcarizek hartu dute parte gida aurkezteko ekitaldian. Vicuñak azaldu duenez, "sareetan nola erregistratu, sartu eta bajan eman, gure gazteek sarean egunero egiten dutena, hiru mugimendutan erakusten du gida honek".

   Egiazko kasuak sartuz, erabaki okerren -argazkiak eta datu desegokiak sartzearen- ondorioak azaltzen ditu gidak, eta sarean gustura sentitzeko "zentzuzko erabakiak hartzeko argibideak" eskaintzen ditu.

   Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren web-orrian (www.avpd.es) deskargatu ahal diren klabe eta gomendio batzuk dira, edozein saretan edo interneteko tokitan erregistratu, sartu edo bajan eman nahi duenak, gazteenek batez ere, bere pribatutasuna babestuz eta datuak kontrolatuz egin dezan.

   Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuorde Marian Ozcarizek "oso era positiboan" baloratu ditu Datuak Babesteko Euskal Bulegoa aurrera eramaten ari den dibulgazio-ekimenak. "Asko zor diogu, normalean oso kalitate handikoak diren hezkuntza-material batzuk gure irakasle eta ikasleei helarazi ahal izateagatik", adierazi du.

   Modu hurbil eta lagunartekoan aurkeztutako lau unitate didaktikotan, hezkuntza-baliabide honek puntu hauek azaltzen ditu: zer diren pribatutasuna eta datuen babesa, zeintzuk diren erabiltzaileen eskubide eta ardurak, nola prozesatzen diren datu pertsonalak eta baimena emateko behar diren adinei, nerabeek sarean izan beharreko jarrerei eta aplikatu beharreko lege eta jurisprudentziari lotutako guztia.

   Datuak babestearen kontzeptua Bigarren Mundu Gerraren ondoren sortu zen pribatutasunaren eskubideari lotuta dago. Ordutik aurrerapen teknologiko azkarrak eta, itxuraz, mugarik ez duen datu pertsonalen prozesamendu bat gertatu da.

ADIBIDE PRAKTIKOAK

   Baliabidea osatzen duten unitateek gelan gauzatzeko praktika bitxiak gomendatzen dizkiete ikasleei, ondorengoak, esate baterako: gelaren erdian gortina bat jartzea eta bi gazteren arteko elkarrizketa bat entzutea. Geroago, irakasleak zuzendutako eztabaida batean, guztiek, beste pertsona batzuen datuak ezagutzean, zein inpresio jasotzen dituzten eta datu horiek nola erabil ditzaketen galdetuko diote beren buruari. Ospea, etxea edo Monakoko Carolina printzesa eta paparazziak bezalako kasuak gazteek eztabaidatzeko adibideak dira.

   Zentzu horretan, Datuak Babesteko Euskal Bulegoko zuzendariak elkarrekin lan egiteko gomendioa eman die irakasleei, gazteei eta familiei, "bizitza birtualean egiazko bizitzan lortzen saiatzen garen segurtasun berberarekin ibili eta bizi gaitezen". "Gida hau hezkuntza-baliabide bat da eta, eskubide eta ardurak landuz, ematen die gazteei herritartasun aktiboaren kontzeptuari buruz beste ikuspegi bat izateko aukera", azaldu du.

   Vicuñak azpimarratu duenez, "gazteek etengabe mugitzen diren ingurunea: internet eta gizarte-sareak, ondo ezagutu behar dute. Irakasle eta familiok batzuetan ezagutzen ez dugun ingurune batean printzipio eta baloreak transmititzen ikasi behar dugu. Gida hau bi helburuak lortzeko lagungarri da".