David Bowie hil da

David Bowie hil da
EUROPAPRESS
Actualizado: lunes, 11 enero 2016 11:59

BILBO, 11 (EUROPA PRESS)

   David Bowie kantari eta musikari britainiarra hil da astelehen honetan, minbiziaren aurka 18 hilabetez borrokatu ondoren, Duncan Jones semeak baieztatu duenez. Aurretik, artistaren Twitter ofizialak eman du heriotzaren berri. "Tamalez, egia da. Sareeratik kanpo egongo naiz denbora batez. Maite zaituztet", idatzi du Bowieren semeak Twitterreko bere kontuan.

   Bowiek 69 urte zituen eta "bakean hil da bere senideak ondoan zituela, minbiziaren aurkako 18 hilabeteko borroka ausartaren ondoren", adierazi du artistaren Twitter kontu ofizialak. "Askok galera sentituko duzuen arren, familiaren pribatutasunarekiko errespetua eskatzen dizuegu dolu denbora honetan", dio.

   Zazpi abesti berri dituen "Blackstar" diskoa kaleratu eta 69 urte bete zituenetik hiru egunera hil da David Bowie. Laneko lehen kanta, "Blackstar" izenekoa, joan den azaroaren 20an estreinatu zen, Johan Renckek zuzenduriko film labur batekin.

   2013. urtean ere, Bowiek bere urtebetetze eguna hautatu zuen "The Next Day" aurreko diskoa argitaratzeko. "Reality" lana kaleratu eta hamar urtera plazaratu zuen artista britainiarrak disko hura.

   "Blackstar" Bowieren ibilbide luzeko 25. diskoa da. 1967an argitaratu zuen lehen lana, "David Bowie" izenburukoa, eta, ondoren, "Space Oddity" (1969), "The Man Who Sold the World" (1970), "Hunky Dory" (1971), "The Rise and Fall of Ziggy Stardust and the Spiders from Mars" (1972) edota "Aladdin Sane" (1973) ezagunak atera zituen.

   Bere beste arrakasta batzuk "Berlingo Trilogia" modura ezagutzen diren diskoak dira, 1970eko hamarkadan Brian Enorekin elkarlanean  argitaratutako "Low", "Heroes" eta "Lodger", hain zuzen ere.