DBHko eta Batxilergoko 400 ikasle arituko dira EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko "Kimika Bizirik" ekimenean

Actualizado: viernes, 9 enero 2015 12:59
av2" class="NormalTextoNoticia" itemprop="articleBody">

BILBO, 9 (EUROPA PRESS)

   Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Zientzia eta Teknologia Fakultateak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) eta Batxilergoko 400 ikasle hartuko ditu bere laborategietan urtarrilaren 12tik 23ra bitartean. Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) hainbat udalerritako 33 ikastetxetatik heldutako ikasleek "Kimika Bizirik" egitasmoaren edizio berrian parte hartuko dute. Jose Luis Ayastuy, Aresatz Usobiaga eta Olatz Zuloaga irakasleak dira programaren koordinatzaileak, EHUk jakinarazi duenez.

   Ekimenak Kimika eta Ingeniaritza Kimikoa uztartzen ditu, unibertsitate aurreko ikasleen artean bi gai horien gaineko interesa indartzeko asmoz. Programan parte hartuko duten ikasleek euskaraz eta gaztelaniaz izango dituzte saioak, goizez eta arratsaldez. Aurten, ikasleen erdiak Batxilergoko lehen eta bigarren mailakoak dira eta beste erdiak, berriz, DBHko laugarren mailakoak.

   Ikasleek Kimikako lau praktika egingo dituzte laborategian. Alde batetik, bost zentimoko kobrezko piezak "urrezko txanpon" bihurtuko dituzte prozesu elektrokimiko baten bidez (zinkez estaltzen dira eta zilar kolorea hartzen dute; ondoren, berotzean, zinka letoi bihurtzen da eta urre kolorea hartzen dute).

   Gainera, detektibe kimikoaren jardueran, zortzi konposatu ezezagun identifikatu beharko dituzte zenbait propietate kimiko eta fisiko neurtuta, hala nola pHa, eroankortasuna edo lumineszentzia. Hain zuzen ere, ondorengo konposatuak identifikatu beharko dituzte: ur destilatua, itsasoko ura, tonika, kola edaria, tea, ozpina, lixiba eta gaseosa.

   Era berean, 6-10 nylonaren sintesia egingo dute, polimerizazio bidez, bi erreaktiboak nahastuta, eta, azkenik, analgesiko komertzial baten osagai aktiboa identifikatuko dute; horretarako, ikasleek geruza fineko kromatografia erabiliko dute analgesiko baten benetako osagaiak identifikatzeko eta ondorengo agente aktiboen presentzia baieztatu edo ezeztatuko dute: parazetamola, ibuprofenoa, azido azetilsalizilikoa eta kafeina.

   Gainera, "Kimika Bizirik" egitasmoan parte hartuko duten ikasleek hainbat esperimentutan ere parte hartuko dute eta Zientzia eta Teknologia Fakultateko irakasleen erakusketak ikusteko aukera ere izango dute.

   "Kimika Bizirik" programa 2006tik egiten da urtero eta bere helburua da DBHko eta Batxilergoko ikasleak zientzian murgiltzea, hain zuzen ere, Kimikan eta Ingeniaritza Kimikoan.