Dbus "2015. urteko Enpresa" aukeratu dute hiri garraioaren kategorian, sektoreko lehiaketa batean

Dbus saritu dute
DONOSTIAKO UDALA
Actualizado: lunes, 24 noviembre 2014 10:51

DONOSTIA, 24 Nov. (EUROPA PRESS) -

"Autobuses&Autocares" aldizkari espezializatuak antolatutako "Urteko Enpresak" sarien 23. edizioan Dbus "2015. urteko Enpresa" aukeratu dute bidaiarien hiri garraioaren kategorian. Sektorean ospe handia dute sariok, eta 2007an ere jaso zuen sari hori Dbusek, saria jaso duen lehen euskal hiri izanik, Donostiako Udaleko iturriek jakinarazi dutenez.

Saria emateko jendaurreko ekitaldia Madrilen egingo da, abenduaren 11n. Sariak 1992az geroztik ematen dira eta bidaiarien garraioko Estatuko operadoreek garatzen duten lana azpimarratzen dute beraien hiru negozio ataletan: garraio erregularra, lineaz kanpokoa eta hiri garraioa. Hiri garraioaren sailean, aurreko urteetan, Bilbo, Logroño, Valentzia eta A Coruñako enpresak saritu dira, besteak beste.

Epaimahaiak, independentea eta sektoreko pertsona garrantzitsuz osatuta, parte hartu duten enpresetako bakoitzaren ustiapen datuak aztertu ditu eta, ondorioz, sariarekin Donostian bidaiariek oro har erabiltzen duten garraio publiko erregularraren zerbitzuaren kalitatea aitortzen da. Erabiltzaileek ere oso ondo baloratu dute, urteko azken gogobetetze inkestak erakusten duenaren arabera.

Saria ematerakoan funtsezkoak izan dira garraio publikoaren erabilera handia eta autobus zerbitzuaren etengabeko hobekuntza, bai eta garraio ez kutsatzaileen erabilera sustatzeko egindako ekimenak ere. "Donostia da autobus erabilera indizerik handiena izan eta autobus zerbitzua eraginkortasunik handienaz eskaintzen duen hiria, donostiar bakoitzarengandik hurbilago dagoen eta abiadura komertzial eta puntualtasun handiarekin dabilen autobus sare batekin", azaldu dute.

122 IBILGAILU

Dbusek eguneko 27 lineatan (lau mikrobus linea hiriko goialdeetarako) eta gaueko bederatzi lineatan ematen du zerbitzua. Autobus flotan 122 ibilgailu daude, batez beste 6,9 urte dutenak eta urtero sei milioi kilometro baino gehiago egiten dutenak, eta autobusek 17,55 km/h-ko abiadura komertziala erregistratzen dute, hau da, hiri garraioko autobus enpresen artean ratiorik hoberena.

Urtean 28 milioi bidaia inguru egiten dira, eta horrek esan nahi du donostiar bakoitzak 151 bidaia egin dituela Dbusen zerbitzuetan, Europan dagoen zifra handienetako bat eta antzeko biztanle kopurua duten gainerako hirietakoa baino askoz handiagoa. Enpresaren plantillari dagokionez, 505 pertsonak osatuta dago, eta pertsona horietatik 406 gidariak dira.

Era berean, Dbusek AENORek Bidaiarien Garraio Publikoari buruzko UNE-EN 13816 arauaren arabera ematen duen kalitate egiaztagiria du bere hiru linea nagusietan (L5, L13 eta L28), eta egiaztagiria lortu duen Euskal Herriko lehen garraio enpresa da. Hiru linea horiek Dbuseko urteko bidaien %50 egiten dute.