Dbuseko lau autobus berriek izena dute jada

Dbus berriak
DONOSTIAKO UDALA
Actualizado: viernes, 10 febrero 2017 14:26

DONOSTIA, 10 (EUROPA PRESS)

"Urgulleko sugandila", "Hagina", "Martin arrantzalea" eta "Artikutzako desman iberiarra" dira Dbuseko autobus lineatan martxan jarri berri diren Solaris markako Urbino Hybrid 12 lau autobus hibridoetarako Dbuseko erabiltzaileek aukeratu dituzten lau izenak. Dbusek "Eman izena zure autobusari" kanpaina antolatu zuen Cristina Enea Fundazioarekin batera, eta kanpaina horren barruan aukeratu dira izenak.

Hilabetean zehar, ehun bat erabiltzailek bozkatu dute proposatutako bertoko zortzi landare eta animalia bat aukeratzeko, ingurumenarekiko errespetua eta bizi ohitura osasungarriak- hala nola garraio publikoaren erabilera- bultzatzea helburu zuen kanpainaren barruan. Horrela, autobus bakoitzak aukeratutako izena darama jada bere errotulazioan.

Donostiako Udalak jakinarazi duenez, kanpainan hiriko hainbat ikastetxek parte hartu dute, proposatutako espezieen gaineko material didaktikoa landuz. Materiala 6 eta 9 urte bitarteko haurrentzat da eta Dbuseko webgunean eskuratu daiteke (www.dbus.eus), ikastetxean edo etxean landu ahal izateko.