Dbusen haurren Gabonetako marrazki lehiaketan parte hartzeko aukera zabalik dago azaroaren 21era arte

Actualizado: martes, 21 octubre 2014 16:41

DONOSTIA, 21 Oct. (EUROPA PRESS) -

Dbus eta San Martin Azokak "Dbus eta Gabonak" haurren marrazki lehiaketaren zortzigarren edizioa antolatu dute, eta parte hartzeko epea azaroaren 21era arte egongo da zabalik. Sormena bultzatzeaz gain, lehiaketarekin haurrei Donostian garraio publikoa erabiltzearen garrantzia transmititu nahi zaie, hiri espazioen jasangarritasuna eta hiritarren bizi kalitatea bermatzeko, mugikortasuna hobetzeko garraio publikoaren erabilera ezinbestekoa izaten baita Gabonetan.

Donostiako Udalak jakinarazi duenez, parte hartzailea 13 urtetik beherako edozein haur izan daiteke eta gai libreko marrazki bat egin beharko du. Baldintza bakarra Gabonen inguruko ideia bat azaltzea izango da, autobusarekin erlazionatuta.

Marrazkiak FNACeko erakusmahaian (San Martin Azoka) edo Dbusen (Fernando Sasiain 7 kalea) utziko dira, eta parte hartzailearen datuak idatzi beharko dira atzealdean: izen abizenak, adina, jaiotze data, helbidea, harremanetarako telefonoa, e posta eta eskola. Ezinbestekoa izango da datu guztiak jartzea, bestela marrazkia lehiaketatik kanpo geldituko da.

Bi maila egongo dira: A maila, 8 urte bitarteko haurrena, eta B maila, 9 eta 12 urte bitartekoena. Marrazkiak jasotzeko epea azaroaren 21era artekoa izango da, eta Dbusek izendatutako epaimahaia izango da maila bakoitzeko irabazleak aukeratuko dituena.

Lehen saria, 2015eko sei hilabetetan zehar Dbuseko autobusetan erabiltzeko txartel pertsonal besterezin mugagabea eta Nintendo DS bat izango da; bigarrena, 2015eko hiru hilabetetan Dbuseko autobusetan erabiltzeko txartel pertsonal besterezin mugagabea eta argazki kamera bat; hirugarrena, 2015eko hiru hilabetetan zehar Dbuseko autobusetan erabiltzeko txartel pertsonal besterezin mugagabea eta liburu aleak.
Gainontzeko finalistek (4 eta 10 postuen artekoek) diploma bana jasoko dute.

Dbusek marrazkiak hedatu, publikoki erakutsi eta erreproduzitzeko eskubidea bere gain hartuko du, marrazkien egileek, euren lanaren autoretza onartzen zaielarik, inolako eskubiderik sortzen ez dutelarik. Marrazkiak Dbusen marketin kanpainetan erabili ahalko dituzte.

Finalistak DVbusen erakutsiko dituzte abenduan zehar eta Dbusen eta San Martin Azokaren webguneetan ere azalduko dira. Halaber, horretarako egokitutako leku publikoetan erakutsi ahal izango dira. Sarien banaketa ekitaldia abenduaren 13an izango da, eguerdiko 12:00etan, San Martin Azokan, FNACen aretoan.