Debagoieneko ESIren osasun erakundeek Joint Comission kalitate eta segurtasuneko nazioarteko ziurtagiria jaso dute

Debagoieneko ESIren ordezkariak
OSAKIDETZA
Actualizado: jueves, 12 enero 2017 12:44

BILBO, 12 (EUROPA PRESS)

Debagoieneko ospitaleak eta Oñati, Bergara eta Arrasateko lehen mailako arreta unitateek, guztiak Debagoieneko ESIren osasun erakundeak, 2016an lortutako Joint Commission kalitate eta segurtasuneko nazioarteko ziurtagiria jaso zuten asteazkenean Bartzelonan, erakundearen lehendakari eta zuzendari exekutibo Paula Wilsonen eskutik. Pazientea oinarri duen arretaren kalitatea, pazientearen segurtasuna, prozesu klinikoetako arriskuen hobekuntza eta kudeaketa dinamiko eta parte hartzailean oinarritutako eredua baloratu dira Debagoieneko ESIri ziurtagiria emateko.

Modu honetan, Debagoieneko ESI nazioarteko ziurtagiri garrantzitsu hori lortzen duen Osakidetzako lehenengo ESI izango da, otsailaren hasierarako aurreikusita dagoen Lenizko Lehen Mailako Arreta Unitatearen ebaluazioa amaitzen denean.

Ospe handiko ziurtagiria emateko ekitaldi publikoa asteazken arratsaldean egin zen Bartzelonan, Kataluniako Musikaren jauregian, kalitate bikaintasunaren Avedis Donabedian sarien urteko ekitaldiaren barnean. Tolosaldea ESIk integrazio asistentzialaren 2017ko Avedis Donabedian saria jaso zuen bertan.

Jon Darpon Eusko Jaurlaritzaren Osasun sailburua "oso gustura" agertu da jasotako sariekin, "berriro ere Osakidetzaren kalitate bikaina balioesten duten aldetik", eta profesional guztiak zoriondu ditu eguneroko lanarengatik eta ahaleginarengatik, "aintzatespen horiek lortzeko funtsezkoak baitira".