Debegesak enpresa industrialen lehiakortasuna hobetzen laguntzeko programa bat abiaraziko du

Actualizado: viernes, 13 febrero 2015 14:31
av2" class="NormalTextoNoticia" itemprop="articleBody">

DONOSTIA, 13 (EUROPA PRESS)

   Debegesa Debabarreneko Garapen Agentziak metalen tratamendu eta estaldura jarduerara bideratutako enpresa industrialen lehiakortasuna hobetzea helburu duen programa bat jarriko du abian laster eskualdean, eta beste eskualdeetara ere zabal daiteke, Debegesak jakinarazi duenez.

   Iturri berberen arabera, azpisektore hau "estrategikoa" da eskualde gipuzkoarrean, "pisu esanguratsua duelako, hazkunde eta garapenerako tarte handiarekin". Debegesak dituen datuen arabera, eskualdean 56 enpresa daude horretara bideratzen direnak eta 400 lagunek dihardute lanean.

   Programaren helburua da, batetik, enpresaren errentagarritasuna handitzeko aukerak identifikatzea, eraginkortasun energetikora bideratuta, energia aurrezteko bideak aztertuz; eta, bestetik, enpresa hauen lehiakortasuna handitzea ahalbidetuko duten proiektu praktikoak detektatzea (kalitatearekin, ingurumenarekin edo teknologiarekin erlazionatutakoak).

   Zehazki, programaren bitartez, langabezian dauden eta titulazio teknikoa duten (Ingeniaritza Kimikoa, Kimikan lizentziatura, lanbide heziketa ingurune kimikoan) hainbat lagunek prestakuntza jasoko dute, ondoren enpresa hauetan lanean hasteko eta enpresentzat interesgarriak izan daitezkeen proiektuak garatzeko. Lanera sartze eta prestakuntzaren zati bat Gipuzkoako Foru Aldundiak diruz lagunduko du.

   Pertsona hauek lau hilabetez egongo dira enpresan lanean, apiriletik uztailera, eta proiektu hauek garatzeko prestakuntza teorikoa eta enpresa espezializatu baten tutorizazioa jasoko dute une oro. Ikasleen hautatze prozesua programan parte hartzeko interesa duten enpresak identifikatutakoan egingo da, ikasleen perfila enpresa hauetara ahalik eta gehien egokitzeko asmoz.

   Programa honek ez du inolako kosturik enpresarentzat, eta interesa dutenak Debegesarekin jar daitezke harremanetan otsailaren 16a baino lehen 943 820 110 telefonora deituz (Silvia Gil - Enpresa eta Berrikuntza Saila) edo pymes@debegesa.com helbidera idatziz.

ENPLEGU ESTRATEGIKOAK

   Debegesak abiaraziko duen programa hau Enplegu Estrategikoak izeneko egitasmo zabalago baten barruan sartuta dago, beste garapen agentzia batzuekin elkarlanean eta Garapen elkartearen koordinaziopean. Egitasmo honek industrian enplegua mantendu eta lanpostu berriak sortu nahi ditu dibertsifikazioa bultzatuz eta enpresen lehiakortasuna hobetuz.

   Enplegu Estrategikoak proiektua Europako Gizarte Funtsak diruz lagundu du Euskal Herriko Programa Operatiboaren 2007-2013 bidez eta Garapenek (Garapen Agentzien Euskal Elkartea) koordinatzen du.