Denda bateko arduraduna aizkora batekin mehatxatu duen gizon bat atxilotu dute Errenterian

Actualizado: viernes, 23 enero 2015 17:05

DONOSTIA, 23 Ene. (EUROPA PRESS) -

Ertzaintzaren agenteek 43 urteko gizonezko bat atxilotu zuten ostegunean Errenterian (Gipuzkoa), larderiaz egindako lapurreta delitu bat egotzita. Atxilotuak aizkora bat erabili zuen denda batean eta arduraduna eta bezero bat mehatxatu zituen. Establezimendutik ateratzen ari zenean, esprai batekin lokala eta aparkatuta zegoen auto bat pintatu zituen, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.

Ostegun arratsaldeko 20:30 aldera, Ertzaintzari jakinarazi zioten Errenteriako Alaberga auzoko denda bateko arduraduna aizkora batekin mehatxatu zuela gizon batek. Biktimak emandako informazioaren arabera, inplikatuak establezimenduaren barnean alkoholdun edari bat eskatu zuen. Alkoholik ez zutela saltzen erantzun zion arduradunak eta, orduan, aipatutako arma atera zuen atxilotuak. Horrela, bezero bat ere larderiatu zuen, bezeroak zuen telefono mugikorra eman ziezaion.

Bezeroak mehatxu egileari aurre egin zion eta aizkora kendu ahal izan zion. Mehatxu egileak ihes egin baino lehen, lokala pintatu zuen esprai batekin, bai eta dendaren ondoan aparkatuta zegoen auto bat ere. Herritarren segurtasunerako patruila batek, pixka bat geroago, egilea Iztieta auzoan aurkitu zuen eta ertzainek atxilotu egin zuten.

Aurretik beste sei aldiz atxilotu duten gizonezkoak agenteekiko jarrera bortitza izan zuen, eta gaur, ostiralean, epailearen esku geratu da.