Desagertzeko arriskua duten europar hizkuntzez eta hizkuntza aniztasunaz mintegia izango da otsailaren 21ean Bilbon

Actualizado: viernes, 14 febrero 2014 11:51
cia" class="NormalTextoNoticia" itemprop="articleBody">

BILBO, 14 (EUROPA PRESS)

   Euskaltzaindiak eta Sabino Arana Fundazioak jardunaldi bat antolatu dute datorren otsailaren 21erako, Sabino Arana Fundazioaren egoitzan, Bilbon, "Desagertzeko arriskuan dauden hizkuntzez eta Europar Batasuneko hizkuntza-aniztasunari buruzko txostena" lanaren egileekin eta haren gertakuntzan parte hartu zutenekin.

   Aipatu txostena, François Alfonsi korsikar diputatu eta Europako Parlamentuko Gutxiengoen Talde-elkarteko presidentekideak koordinatua, gehiengo handiz onetsi zen Europako Parlamentuan 2013ko irailaren 11n. Aldez aurretik, proposamena Europako Parlamentuko Kultura eta Hezkuntza Batzordeak ere onetsi zuen, aho batez, 2013ko ekainaren 18an, jardunaldiaren antolatzaileek gogorarazi dutenez.

   Europako Parlamentuak onetsitako ebazpenak Europar Batzordea premiatzen du legegintzazko neurriz eta jardun betearazle zehatzez osatzera hizkuntza gutxitu eta desagertzeko arriskuan daudenen defentsarako aurreikuspenak, zeintzuetan jasota baitaude bai Lisboako Ituna, bai Europar Batasuneko Funtsezko Eskubideen Gutuna, bai erregio-hizkuntzen eta hizkuntza gutxituen babesteko gutuna.

   Halaber, txostenak ohartarazten du hizkuntza horiek bizi duten arriskuaz, hau da, dibertsitatea sustatzeko aurrekontu sailen arloan Europako estatuetan eta instituzioetan denetan gertatzen ari diren murrizketen ondorioez.

   Era berean, onetsitako ebazpenak europar aberastasun gisa eta dibertsitatearen adierazpentzat aitortzen du eleaniztasuna, eta Europar Batzordea eta Kontseilua bultzatzen ditu, 2014-2020 epealdirako, Europar Batasunaren politikak eta programak egokitzera, horrenbestez, arriskuan dauden hizkuntzak eta hizkuntza-dibertsitatea susta ditzan finantza-laguntzazko tresnen bitartez, bereziki: hezkuntza eta prestakuntzarako eta gazteria eta kirolerako programak, kultura eta hedabideen programa, Egitura Funtsak (Kohesio Funtsa, FEDER, FSE, Europako lurralde-lankidetza, FEADER) eta teknologia berriei eta multimedia plataformei atxikitako  tresna guztiak.

   Orobat, Europako Parlamentuak onetsitako ebazpenak hizkuntza gutxituen eskoletako irakaskuntza goiztiarraren sistemaren alde egiten du, bai eta, desagertzeko arriskuan dauden hizkuntzen definizioan, hizkuntzok berezko diren lurraldearen zatiren batean daudenak eranstearen alde ere, kontinenteko beste leku batzuetan babesa eduki arren, aitorpen ofiziala izan zein ez. Egoera hori Europako zenbait inguru mugazgaindikotan gertatzen da eta bereziki ukitzen ditu katalana eta euskara.

   Ebazpenak beste aurreikuspen bat ere bildu du, alegia, hizkuntza-dibertsitatearekiko begirunea aldez aurreko baldintza gisa hartzea EB barruan beste estatu batzuk onartzerakoan, eta gogorarazten du ezen balio hori berariaz jasota dagoela Europar Batasunaren Oinarrizko Eskubideen Gutunean, zein Lisboako Itunaren zati baita.

   Azkenik, ebazpenak jasotzen du kontinente osoan adierazle homogeneo zenbait diseinatzea eta abiaraztea, desagertzeko arriskuan dauden hizkuntzen osasuna eta haiek salbatzeko aplikatuko diren politiken emaitzak neurtzeko.

PARTE HARTZAILEAK

   Europako Parlamentuko Hizkuntzei buruzko Talde-elkarteko presidentekide biez gain, hau da, François Alfonsiz (Berdeka-ALE Taldekoa) eta Csaba SAndor Tabajdiz (Europako Parlamentuko Sozialisten eta Progresisten Aliantzaren Taldekoa) gain, jardunaldian parte hartuko dute Izaskun Bilbao EAJko eurodiputatuak, Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza sailburuordeak eta Eusko Jaurlaritzako, Bizkaiko Foru Aldundiko eta euskararen, hezkuntzaren eta euskal kulturaren esparruan diharduten zenbait erakunde eta elkartetako ordezkariek.

   Mintegia Erramun Osa Euskaltzaindiko idazkariordeak arteztuko du. Ekitaldia goizeko 10:00etan hasi eta arratsaldeko 14:00etan bukatuko da eta hedabideentzat irekita egongo da.