Desgaitasunen bat dutenen lan integrazioa bultzatzera 33,8 milioi euro bideratuuko ditu Jaurlaritzak

Actualizado: martes, 25 abril 2017 13:13

GASTEIZ, 25 Abr. (EUROPA PRESS) -

Enpleguko zentro berezietan desgaitasunen bat duten pertsonen lan integrazioa bultzatzeko Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren laguntzen eta diru laguntzen deialdia onetsi du astearte honetan Eusko Jaurlaritzako gobernu bilerak, Beatriz Artolazabal Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak proposatuta. 2017ko ekitaldiko aurrekontua 33.790.000 eurokoa da eta eskaerak aurkezteko epea urte osoan zehar egongo da zabalik. 2016an 30 milioi eurokoa izan zen aurrekontua.

Lanbidek kudeatu eta enplegu zentro bereziei ematen dizkien laguntza horiek desgaitasunen bat duten pertsonek betetzen dituzten lanpostuetako soldata kostuak finantzatuko dituzte, Artolazabalek jakinarazi duenez.

Horrela, desgaitasunen bat duten pertsonek lanerako duten eskubidea erabili ahal izango dute enpresetako eta administrazio publikoetako enplegu arrunten bitartez, lagundutako enplegu zerbitzuak barne; enplegu babestuaren bidez, enplegu zentro berezietan eta lan lekuetan; enplegu autonomoaren bitartez.

Enplegu zentro berezien helburu nagusia da lan produktiboa egitea, merkatuaren operazioetan erregulartasunez parte hartuz eta ordaindutako lana eta desgaitasunen bat duten langileek behar izango dituzten egokitze pertsonal eta sozialerako zerbitzuen prestazioa ziurtatuz.

Era berean, Lanbideren zuzendari nagusiaren ebazpenaren berri ere eman du Artolazabalek, Gizarte Segurantzari kuotak ordaintzeari begira diru laguntzak emateko, 1044/1985 Errege Dekretuaren 4.2. artikuluan xedatutakoaren arabera, ordainketa bakarraren modalitatean langabezia prestazioa jasotzen duten pertsonentzat. Laguntza horien zenbatekoa 500.000 euro da. Ordainketa bakar batean, euren langabezia prestazioaren %100 jaso izan duten langileek eskatu ahal izango dituzte laguntza horiek.