Deusto Business School-ek Marketinaren XVII. Aretoa antolatu du

Actualizado: miércoles, 2 febrero 2011 13:46

DONOSTIA, 2 Feb. (EUROPA PRESS) -

Marketin Aretoaren 17. edizioa hasiko da bihar Deustuko Unibertsitateko Donostiako campusean, Deusto Business School-ek 'El Diario Vasco' egunkariaren lankidetzarekin antolatuta, marketinaren eta merkataritzaren alorreko profesionalei zuzenduta.

Antolatzaileek azaldu dutenez, marketinaren eta merkataritzaren alorreko ospe handiko hizlariek beren esperientziak azalduko dituzte lau saio monografikotan, bihar hasi eta otsailaren 24ra arte. Hasierako saioan, bihar, Thomas Fabr Alpargatas enpresaren Europararako Marketineko zuzendariak eta Carlos Alija Sra. Rushmore agentziako zuzendari sortzaileak marka desberdinduak sortzen lagundu duten marketineko eta komunikazioko estrategia eraginkorrak aztertuko dituzte.

Otsailaren 10ean, Richard Castillo Kimberly-Clarkeko Industria saileko Europarako Marketineko zuzendari seniorrak industria-merkatuetako marketina izango du aztergai, eta J.M. Gasalla idazle eta ESADEko irakaslea erakundeen barne marketinaz arituko da, horrek laguntzen baitu pertsonen potentziala garatzen eta kohesio eta eraginkortasun handiko taldeak sortzen.

Hilaren 17an, Lucas Carne Privaliako sortzaileetako batek eta Xabier Mitxelena S21sec-eko sortzaile eta zuzendari nagusiak beren esperientziak aurkeztuko dituzte, bereziki berrikuntzako negozio ereduetan eta eskainitako produktu eta zerbitzuetan.

Azken saioan, otsailaren 24an, Pepe Martinez Millward Brown Spain-eko zuzendari nagusiak eta Koldo Unanue Euskalteleko Marketineko zuzendariak "arima duten markak", alegia, marka desberdinak, balio eta nortasun berezia dutenak sortzen laguntzen duten metodologia berritzaile eta eraginkorrenak aurkeztuko dituzte.

Deusto Business School-ek, Marketin Aretoaren bidez, enpresaren munduan marketineko estrategia eta teknikarik modernoenen inguruan esperientziak trukatzeko eta elkartzeko foroa bultzatu nahi du. Inguruko enpresetako marketinaren eta merkataritzaren alorreko 100 profesional inguruk parte hartuko dute aurtengo edizioan. Saioak 16:00etatik 19:30etara izango dira.