Deustuko Unibertsitateak emakume teknologoarentzako Ada Byron Saria sortu du

Actualizado: viernes, 7 febrero 2014 15:07
cia" class="NormalTextoNoticia" itemprop="articleBody">

BILBO, 7 (EUROPA PRESS)

   Deustuko Unibertsitateko Ingeniaritza Fakultateak emakume teknologoarentzako Ada Byron saria sortu du, teknologiaren arloko emakume profesionalen lana jendaurrean aitortzeko eta erakusteko helburuarekin.

   "Izan ere, lan hori ez du behar adina ezagutzen gizarteak, oro har, nahiz eta ekarpen handiak egin emakumeak hainbat esparrutan. Aitorpen hori, beraz, benetako emakumeei egiten zaie, eredu eta pizgarri izan dadin gaur eguneko neska gazteentzat", azaldu dute sariaren sustatzaileek.

   Sariaren izena Ada Byroni (Ada Lovelace) eskainita dago, ingeniaritzaren historian izan den emakumerik azpimarragarrienari, ordenagailuen lehen programatzailea izan zenari, hain zuzen, eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna ere sustatu nahi du. Horrekin batera, sariak teknologia arloko lana hurbildu nahi die emakumeei eta arlo horretako bokazioak sortu nahi ditu emakumeen artean.

   Saria otsailaren 11n aurkeztuko da, 10:30ean, Deustuko Unibertsitateko Faculty Clubean. Ekitaldi horretan hartuko dute parte Ingeniaritza Fakultateko dekano Ines Jacobek, Eusko Jaurlaritzako Politika Zientifikoko zuzendari Miren Begoñe Urrutia Barandikak eta Emakundeko zuzendari Izaskun Landaidak.

   Aurkezpenaren barruan, Forotech 2013-2014ko neguko hitzaldia eskainiko du Ines Sanchez de Madariagak, "Claves para incorporar las políticas de género en instituciones. Una visión europea" izenburupean. Sánchez Emakumeak eta Zientzia Unitateko zuzendaria da Espainiako Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioko Ikerketa, Garapen eta Berrikuntzako Estatu Idazkariaren Kabinetean.

   Sariaren deialdia urtero egiteko asmoa dago, emakume teknologoen zeregina aitortzeko eta pizgarri izan dadin. Horrela, saria arlo teknologikoetan, ingeniaritzan eta teknologiarekin estu lotuta dauden arlo zientifikoetan titulazioa edo lanbideko ibilbidea duten emakumeei zuzenduta dago.

   IK4, Emakunde, Bizkaiko Foru Aldundia, Bilboko Udala, FECYT eta Innobasque ari dira elkarlanean lehiaketa prestatzen. Deialdia martxoaren 20ko arratsaldeko 17:00ak arte egongo da zabalik. Sariak 3.000 euroko zuzkidura ekonomikoa izango du, eta apirilaren 11n emango da, Deustuko Unibertsitateko Ingeniaritza Fakultatean izango diren ForoTech2014 jardunaldien barruan.

   Epaimahaia ospe handiko pertsonek osatuko dute, gehienak emakumeak izango dira eta sarituak ere izan daitezkeenak. Badira, halaber, gizon batzuk emakume eta gizonen arteko berdintasunarekiko sentiberatasuna erakutsi dutenak teknologia esparruan.

   Epaimahaikideak hauek izango dira: Izaskun Artetxe, Bizkaiko Foru Aldundikoa; Cristina Garmendia, Berrikuntzako ministro ohia eta Genetrixeko presidentea; Rosa Garcia, Siemenseko presidentea; Ines Jacob, Deustuko Unibertsitateko Ingeniaritzako dekanoa; Begoña Goiricelaya, Gaiker-IK4ko zuzendari nagusia; Guillermo Dorronsoro, Deusto Business Schooleko dekanoa; Alberto García Erauzkin, Innobasqueko presidentea; Miquel Molins Nubiola, Sabadell Fundazioko presidentea; eta Oihane Agirregoitia, Bilboko Udaleko Berdintasun, Lankidetza eta Herritarren arloko zinegotzi ordezkaria.