Dionysus laukoteak Mozarten "Requiem" interpretatuko du larunbatean Miramongo Matineeak zikloan

Dionysus laukotea
EUSKADIKO ORKESTRA SINFONIKOA
Actualizado: viernes, 27 enero 2017 14:00

DONOSTIA, 27 (EUROPA PRESS)

Ganbera musika itzuliko da Miramongo Matineeak ziklora larunbatean, urtarrilaren 28an, Dionysus laukoteak egingo duen W.A. Mozarten "Requiem" obraren interpretazioarekin. Hari laukoerako moldaturiko "bertsio intimista bezain hunkigarria" egingo du taldeak.

Gainera, Euskadiko Orkestra Sinfonikoak (EOS) jakinarazi duenez, Mozarten musika lan horren "sakontasunean are gehiago murgiltzeko", requiem mezako jatorrizko latinezko testua errezitatuko du Castor Narvarte EOSen biola jotzaileetako batek. Emanaldia goizeko 11:00etan izango da, EOSen Miramongo egoitzan.

Hiltzear zegoela ekin zion Mozartek bere azken lana izango zen "Requiem" idazteari. Hiltzear zegoela ikusirik, Franz Xaver Süssmayr bere ikasleak laguntzea nahi izan zuen, lanerako sortutako ideia oro bereganatu zezan. Azkenean, Mozart "Requiem" amaitu baino lehenago hil zenez, Süssmayrrek bukatu zuen eta, ondoren, Peter Lichtenthal mediku eta musika aditu austraiarrak idatzi zuen hari laukoterako moldaketa.

Dionysus laukotea osatzen duten musikariak, Irene Echeveste eta Larraitz Oiarzabal biolin jotzaileak, Delphine Dupuy biola jotzailea eta Juan Ignacio Emme biolontxelo jotzailea dira, laurak EOSen kideak. Sarrerak www.euskadikoorkestra.eus eta www.kutxabank.es webguneetan eta Kursaal zein EOSen egoitzako leihatiletan erosi daitezke, zazpi eurotan.