DIPCek isolatzaile topologikoei buruzko biltzarra egingo du aste honetan

Actualizado: lunes, 6 julio 2015 14:16

DONOSTIA, 6 (EUROPA PRESS)

   Donostia International Physics Center-ek (DIPC) isolatzaile topologikoei buruzko III. New Trends in Topological Insulators (TTI2015) biltzarra egingo du aste honetan zehar. Sinposioa Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) uda ikastaroen barruan izango da, Donostiako Miramar Jauregian.

   Evgueni Chulkov EHUko katedradun et DIPCeko kidea da biltzarraren zuzendaria, DIPCeko Maia García-Vergniory eta Mikhail Otrokov doktoreek osatutako batzorde antolatzailearekin batera. Biltzarrak 120 ikerla baino gehiago bilduko ditu isolatzaile topologikoen inguruan azken aurrerapen eta aurkikuntzak aztertzeko asmoz.

   Berriki aurkitutako material honek propietate oso interesgarriak erakutsi ditu oinarrizko ikuspuntu zientifikotik eta baita aplikazio posibleei begira ere", azaldu dute DIPCeko arduradunek.

   Isolatzaile topologikoak barrualdean isolatzaileak eta kanpoaldean eroale elektrikoak diren material kuantiko bitxiak dira. Berezitasun hori, spinaren (elektroien propietate kuantikoa) konfigurazioari zor zaio, eta bere eraginez, atzera egitea galarazten zaie elektroiei.

   Eroale konbentzionalekin alderatuz, isolatzaile topologikoek abantaila mordoa dute: eroale oso sendoak dira ezpurutasunen eta desordena atomikoaren aurka babestuz, beren erresistentzia elektrikoa ez dago zuzenean eroaleen lodieraren menpe, eta hauek sortutako supereroaleek (erresistentziarik gabeko materialak) propietate oso exotikoak dituzte.

   Espintronika eta konputazio kuantikoa bezalako zientzia alor gazteetan, isolatzaile topologikoek etorkizun handia izango dutela aurreikusi da. Maia García-Vergniory DIPCeko ikerlariak adierazi duenez, "elektronikaren etorkizuna elektroiaren spinean dago".

HIZLARIAK

   Aurten hirugarren edizioa duen TT2015 biltzarra, Saint Feliu de Guixols (Katalunia) eta Berlinen ospatu zen aurreko urteetan. Aurten, bost egunetan zehar, nazioarteko erakunde ospetsuenetako 120 hizlari baino gehiago elkartuko ditu TT2015 biltzarrak Miramar Jauregian.

   Hizlarien artean, Zahid Hasan (Princeton Unibertsitatea, AEB) eta Laurens Molenkamp (Würzburg Unibertsitatea, Alemania) irakasleak nabarmentzen dira, azken hau, Fisikako Nobel Saria jasotzeko hautagaia isolatzaile topologikoen alorrean egindako aurkikuntzengatik.

   Biltzarraren programa oso zabala da, materialen oinarrizko propietateetatik hasi eta "majorana fermioi" iheskorrak neurtzeko gauzatzen ari diren puntako esperimentuak arte. Majorana fermioiak beren buruaren antipartikula diren partikula bitxiak dira, eta isolatzaile topologikoetan super-konduktibitatea eragitean agertzen dira, 2007an esperimentalki frogatu zen bezala. Partikula-antipartikula dualtasun hori, sistemaren akatsak onartzen dituen ordenagailu kuantiko sofistikatuak eraikitzeko giltza izan daiteke.

   EHUko uda ikastaroen esparruan DIPCk antolatu dituen bost nazioarteko biltzarren artean bigarrena da TTI2015. Gainera, ikasle eta ikerlari gazteei zuzendutako DIPC School prestakuntza eskola bat ere antolatu du Donostiako ikerketa zentroak.