Donostia 2016k eta Etxepare Institutuak "Itzultzaile berriak" proiektua abiarazi dute

Foto: DONOSTIA 2016
Actualizado: miércoles, 15 abril 2015 13:35

DONOSTIA, 15 (EUROPA PRESS)

   Donostia 2016k eta Etxepare Euskal Institutuak "Itzultzaile berriak" proiektua jarri dute abian. Egitasmoaren bidez, nazioarteko literatur itzultzaileak aukeratuko dira euskara ikas dezaten eta, ondoren, euskal literatur obra bat euren ama hizkuntzara itzul dezaten. Euskaraz ez dakiten lau itzultzaile eta euskararen oinarrizko ezagutza daukaten beste lau hautatzeko deialdia asteazken honetan ireki da, 2015 eta 2016 bitartean Euskal Herrian egonaldiak egin ditzaten.

   Egitasmoan abiarazi duten bi erakundeetako ordezkariek Donostian eskainitako prentsaurrekoan azaldu dutenez, ekimen honen bidez, nazioarteko hainbat literatur itzultzaileri euskara irakatsiko zaie, euskal literatura Europan sustatzeko helburuarekin.

   Horretarako, asteazken honetan irekiko den deialdi publiko baten bidez, nazioarteko zortzi literatur itzultzaile hautatuko dira euskara ikas dezaten. Horietako lauk, euskaraz ezer ere ez dakitenak, Euskal Herrian egonaldi bat egingo dute sei hilabetez eta, gainontzeko lauak, euskararen ezagutza maila baxu edo ertainekoak, hilabetez egongo dira Euskal Herrian, euren maila hobetze aldera.

   Aurtengo ekaineko bigarren hamabostaldia eta 2016ko martxoa amaiera bitartean zehaztu gabeko data batean izango diren egonaldi hauetan, hautatutako egile guztiek ikastaro intentsibo batean parte hartuko dute, barnetegi batean. Ahal dela, itzultzaile guztien egonaldien datak bat etortzeko saiakera egingo du antolakuntzak, elkarbizitza, lankidetza eta sare lana sustatzeko xedearekin.

   Deialdiak ez du soilik euskara ikastea bultzatuko, baita lanak ekoiztea ere. Horretarako, egonaldi luzea egingo duten lau itzultzaileek diru laguntza bat jasoko dute euskal literaturako obra bat gaztelania ez den beste hizkuntza batera itzultzeko eta lan hori argitaratuko duen norbait aurkitzeko. Horrek ekimenaren azken helburua bermatzea ahalbidetuko du, hau da, euskal sorkuntza Europan hedatzea eta kanpoko publikoek ere euskal literaturara sarbidea izatea.

   Aldi berean, egonaldi hauen bidez, zortzi itzultzaileek gaitasun linguistiko nahikoa eskura dezaten nahi da, euren etorkizuneko itzulpenetan euskara ere erabil dezaten sorburu edo xede hizkuntza bezala.

   Eskaerak aurkezteko epea asteazken honetan ireki da, eta maiatzaren 16an amaituko da, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) deialdia argitaratu eta handik hilabetera. Dokumentazioa honako helbide honetan aurkeztu behar da: Etxepare Euskal Institutua, Prim kalea 7, 20006, Donostia. Eskaerak aurkezteko ordutegia astelehenetik ostiralera da, 08:30etik 14:00etara.

TAILERRA ETA JARDUNALDIA

   Halaber, "Itzultzaile berriak" egitasmoak, bigarren fasean, tailer bat ere izango du ekimenean parte hartuko duten zortzi itzultzaile horiekin Tabakaleran, datorren urteko udazkenean.

   EIZIE Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteak antolatuko duen tailer horretan nazioarteko itzultzaileek euskal idazle bana izango dute bikotekide. Tokiko idazleen zeregina kanpoko itzultzaileei harrera egitea eta euren arteko sareak sortzea izango da.

   Tailerra amaitzen denean, herritar orori zuzendutako jardunaldi ireki bat egingo da, bai eta programazio espezifiko bat ere itzultzaile parte hartzaileekin, Donostiako ikastetxe zein kultur etxeekin lankidetzan.