Donostia 2016ko Prime Time proiektuak telebista formatuen deialdia zabaldu die nazioarteko ekoizpen etxeei

Actualizado: miércoles, 17 junio 2015 15:15

DONOSTIA, 17 (EUROPA PRESS)

   Donostia 2016ko kultur programaren Prime Time ikus entzunezko proiektuak ikusleak Europako kulturarekin loturiko gaietara erakarriko dituen telebista formatu bat sustatzeko deialdia ireki du mundu osoko ekoizpen etxeentzat, eta lanak aurkezteko epea irailaren 16ra arte egongo da zabalik.

   Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburua Fundazioak abiarazi du Prime Time proiektua, Europako balioei eta kulturari buruzko telebista formatu orijinal onena hautatzeko eta ekoizteko, eta ikusle gehien biltzen dituzten orduetan emateko. Gainera, nazioartean ere emateko modukoa izan dadin nahi da.

   Europako ekoizpen enpresa guztiei irekita dago deialdia; enpresek, bakarka edo koprodukzioan, entretenimendu telebistaren edozein eredutarako proposamenak aurkeztu beharko dituzte, 'non scripted' (lehiaketa, reality, talk show, talent show) edo 'scripted' (dokumental, fikzio, serie) erakoak, Europako balioei eta kulturari buruzkoak.

   Horrez gain, aurkezturiko proiektuen multimedia tratamendu interaktiboak bat etorri beharko du telebistaren sektoreko mundu osoko joerekin, eta kontuan hartu beharko da munduko hainbat herrialdetan emateko aukera egongo dela.

   Programaren ardurdaunek jakinarazi dutenez, deialdia ekainaren 18tik irailaren 16ra egongo da irekita, eta ikus-entzunezkoaren sektoreko nazioarteko profesionalek osatutako epaimahai batek ebaluatuko ditu proiektuak; halaber, epaimahai horrek irabazlea hautatuko du. Formatu irabazleak 100.000 euroko saria jasoko du, programa pilotu bat ekoizteko.

   Prime Time egitasmoaren helburua da Donostia 2016rako lehentasunak aintzat hartuko dituen ikus-entzunezko produktu bat sortzen laguntzea. Lehentasun horietako batzuk dira kultura espazioak sortzea, hala dibulgaziokoak nola aisialdikoak; ikus-entzunezko ekoizpenetan eleaniztasuna sustatzea; kulturarekin eta arteekin lotutako gaiak kanal askotan ematea ahalbidetuko duten eredu interaktiboak eta prozesuak bultzatzea; eta aisialdirako eta heziketarako transmedia edukiak sortzea.

   Horrez gain, Europako eta nazioarteko kultura-eragileen eta artisten arteko lankidetza eta trukea sustatu nahi da, ezagutza partekatzeko. Azken finean, Prime Time proiektuak masen hedabide nagusiak hezkuntzaren eta kulturaren arloan duen ahalmena nabarmendu nahi du, eta arlo publikoari buruz telebistaren bidez hausnartu.