Donostia "berrikuntzarako hiri egokitzat" aurkeztu da Madrilen

Innulso sareko kideak, tartean Donostian
DONOSTIAKO UDALA
Actualizado: miércoles, 1 marzo 2017 14:11

DONOSTIA, 1 (EUROPA PRESS)

Eneko Goia Donostiako alkateak adierazi du hiria "inguru egokia" dela berrikuntzarekin, ikerketarekin eta garapenarekin zerikusia duten jardueretarako. Aldi berean, beharrezkotzat jo du botere publikoek baldintzak sortzea enpresek eta ikertzaileek luzaro lanean jarraitu ahal izateko.

Goia Madrilen izan da asteazken honetan, Innpulso Sareko Alkateen + Berritzaileen II. Topaketan parte hartzen. Donostiako ekimen berritzaileen inguruko datuak zehaztu eta Nesplora enpresa donostiarraren enpresa proiektu berritzailea aurkeztu ditu.

Madrilgo Udalak eta Zientzia eta Berrikuntzaren Hirien Innpulso Sareak antolatu dute ekitaldia, eta sareko kide diren hiri guztietako alkateak bildu ditu, baita Innpulso hiri bakoitzak aukeraturiko enpresa txiki eta ertainik zein mikroenpresa txiki eta ertainik berritzaileenak ere.

Goiak nabarmendu duenez, "pertsona askok Donostia ezagutzen dute turismoa, gastronomia eta kultur ekitaldiak direla zio, baina berrikuntza ere nabarmen-nabarmena da gure hirian".

Donostiako alkateak azpimarratu duenez, "gure hiriak 200.000 bat biztanle izan arren, 5.000 ikertzaile ditu, eta Barne Produktu Gordinaren %3 darabil ikerketan". "Gainera, lau unibertsitate ditu, bai eta hainbat gazte bikain eta bere eremuan punta-puntakoak diren enpresak ere", gaineratu du.

Hitzaldian, Nesplora enpresa donostiarraren enpresa proiektu berritzailea aurkeztu du Goiak. Neurozientzien esparruan dihardu, eta errealitate birtuala eta computer vision delakoa darabiltza pertsonen jokabidea aztertzeko. Donostian oso errotuta dago Nesplora, ikastetxe batzuen laguntzaile den aldetik. Nesplora enpresako Gemma Climent eta Unai Labirua ere izan dira topaketan; 2017ko Europako Emakume Berritzailearen Sarirako hautagaia da Gemma Climent.