Donostia eta Toulouseko zinemaldietako Zinema Eraikitzen sailaren 27. edizioan izena emateko epea zabalik dago

Actualizado: martes, 21 octubre 2014 13:08
av2" class="NormalTextoNoticia" itemprop="articleBody">

DONOSTIA, 21 (EUROPA PRESS)

   Donostiako eta Toulouseko zinemaldiek urtero antolatzen duten Zinema Eraikitzen sailak 27. edizioan parte hartzeko epea zabaldu du. Postprodukzio arazoak dituzten Latinoamerikan ekoitzitako film luzeak bukatzen laguntzea da ekimenaren helburua, eta bi zinemaldietako batzordeek aukeratutako sei film profesionalen aurrean aurkeztuko dira, bukatzen eta banatzen laguntzeko aukera izan dezaten.

   Donostia Zinemaldiak prentsa ohar bidez jakinarazi duenez, Zinema Eraikitzen sailak aurkezten diren filmen ekoizleen eta nazioarteko industriako kideen arteko elkartrukea eta elkarlana sustatzen du.

   Hala, azken urteetako talentu berriak ezagutarazi ditu eta Latinoamerikako film labur gailenetako batzuk bukatzea eta merkaturatzea bultzatu du, hala nola Pablo Larraínen "Tony Manero", Sebastián Lelioren "Gloria", Amat Escalanteren "Sangre", Benjamín Ávilaren "Infancia Clandestina", William Vegaren "La sirga", Mariana Rondónen "Pelo Malo", Benjamín Naishtaten "Historia del miedo" eta Alejandro Fernández Almendrasen "Matar a un hombre".

   Dagoeneko 13 urtetik gorako ibilbidea izanik, Zinema Eraikitzen "ekimen sendoa da eta Atlantikoko bi aldeetako ekoizleentzat eta industriako kideentzat saihestu ezinezko hitzordu bilakatu da".

   Sariei dagokienez, Toulouseko Zinema Eraikitzen saria Frantzian 58.850 euroko postprodukzio zerbitzua jasotzea da. Halaber, Ciné + saria aurre erosketa bat da, 15.000 eurokoa, pelikularen banatzaile frantsesarentzat. Azkenik, Europako banatzaile eta erakusleen saria filma Europa Distribution etxeko 130 banatzaileen eta CICAEren (Confédération Internationale des Cinémas d'Art et Essai) 2.000 erakusleen sarean sustatzea da.

   Latinoamerikako herrialdeek erabat edo partzialki ekoitzitako film luzeek parte har dezakete, eta haien behin betiko iraupenak 60 minututik gorakoa izan behar du. Izena emateko garaian, pelikulek postprodukzio fasean egon behar dute (gutxienez, lehenengo mozketa).
Hautaketara aurkeztutako mozketak gutxienez 45 minutuko iraupena izan behar du, eta jatorrizko bertsioa gaztelaniazkoa ez bada, ingelesera, gaztelaniara edo frantsesera azpititulatuta egon behar du.

IZEN EMATEA

   Izen ematea doakoa da eta on line egin daiteke helbide honetan: www.cinelatino.com.fr/cc/formulaire.php. Filmen izena emateko eta materiala jasotzeko azken eguna 2015. urteko urtarrilaren 30a izango da. Filmaren kopiak, DVD formatuan, postaz bidali ahal izango dira ondorengo helbide honetara: Rencontres Cinémas D'Amérique Latine de Toulouse; Esther Saint-Dizier; 11-13 Grande Rue Saint-Nicolas; 31 300 Toulouse - France. Bestela, web orri baten esteka eman daiteke, eta horren helbidea eta pasahitza izena emateko formularioan adierazi beharko dira.

   Hautaketa martxoaren hasieran iragarriko da, eta aukeratua izanez gero, zuzendariak eta ekoizleak 2015eko martxoaren 25, 26 eta 27an Zinema Eraikitzen sailaren 27. ediziora joateko konpromisoa hartuko dute. Emanaldirako kopiak jatorrizko bertsioan egon behar du, ingelesezko azpitituluekin, eta emanaldirako Blue Ray formatua eskatzen da (back up erako bi kopia).