Donostia Kirolak antolatzen duen eskolako igeriketa kanpaina martxan da

Martxan da eskola-umeentzako igeriketa kanpaina Donostian
Donostiako Udala
Actualizado: miércoles, 14 septiembre 2011 14:56

DONOSTIA, 14 Sep. (EUROPA PRESS) -

Donostiako Lehen Hezkuntzako 40 ikastetxe eta Heziketa Bereziko hiru ikastetxetako 3.800 haurrek hartuko dute parte Donostia Kirolak erakundeak antolatzen duen igeriketa sustapen kanpainako ikastaroetan gaurtik 2012ko ekainaren 13ra arte.

Sustapen kanpaina honen bidez, ikastetxe guztietako 6 eta 10 urte bitarteko umeei 20 saiotako ikastaroan parte hartzeko aukera ematen zaie monitore espezializatuekin, igerileku estalia daukaten zazpi udal kiroldegietan (Altza, Bentaberri, Bidebieta, Etxadi, Intxaurrondo, Yoldi eta Zuhaizti).

Hasierako froga bat egin ondoren, kanpaina teknikoki antolatua dagoen lau mailetako batean sailkatzen dira umeak, aurreikusita dauden 20 saioak bukatzerakoan, haur bakoitza dagokion maila gainditzeko gai izan dadin. Ondoren, ikasle bakoitzaren gurasoei, umearen eboluzioa erakusten duen fitxa indibiduala bidaltzen zaie.

Bestalde, kanpaina honek eskola-ume guztiak integratzea bilatzen duela nabarmendu dute Donostiako Udaletik, eta ondorioz, behar bereziak dauzkaten umeentzako monitore laguntzaileak jartzen direla.

Donostian, 1. eta 4. maila artean matrikulatuta dauden eskola-umeen erdiak baino gehiagok ikastaro hauetan parte hartzen du, batez ere lehendabiziko bi mailetan. 4. mailako umeen partaidetza %25 arte jaisten da eta plangintza esperimental baten barruan, bost urteko bi taldek ere parte hartzen dute.

Kanpainaren aurrekontua 180.000 eurokoa da. Josu Ruiz Donostiako Udaleko Kirol zinegotziak adierazi duenez, "kanpaina honek garrantzi handia dauka haurren trebakuntzari begira, eta garrantzitsua da gainera, haurrak txikitatik kirola egiteko ohitura hartzea. Horregatik, Udalak egiten duen ahalegin ekonomikoak merezi du".