Donostia Turismok "Martxo Gastronomikoa" jarri du abian, hilabete horretan turismo-jarduera aregotzeko asmoz

Actualizado: martes, 1 marzo 2011 15:21

DONOSTIA, 1 Mar. (EUROPA PRESS) -

Donostia Turismo erakundeak "Martxo Gastromikoa" jarri du martxan, aroz kanpoko turismoa sustatzeko estrategia orokorraren barne kokatzen den ekimen berria. Tradizioz turismo-etorrera txikiagoa duen martxoan jarduera turistikoa handitzea du helburu nagusi egitasmoak, Donostia Turismoko arduradunek adierazi dutenez.

Ekintza honetan, erakunde ezberdinetako indarrak batu dira turistak Donostiara ezezik Gipuzkoa osora erakartzeko, indar ezberdinen sustapenak ematen dituen sinergiak aprobetxatuz. Donostia Turismok, Gipuzkoako Foru Aldundiko laguntzaz gain, hainbat baliabide eta zerbitzu turistikoekin lankidetzan atera ditu "Martxo Gastronomikoa" ekimenak eskaintzen dituen planak. Egitasmoan parte hartu duten zerbitzu turistikoak hauek izan dira: Tenedor Tours, Gorilla Trip, Sagardun, Goitur eta San Sebastian Food.

"Martxo Gastronomikoa" ekimenak 'citybreak' gastronomikoak bultzatzea du helburu, gastronomia baita Donostiaren identitate-ikurra; izan ere, egonaldian zehar, gastronomia da hiria bisitatzen duten turisten %83ren jarduera nagusia.

Hala, "Martxo Gastronomikoa" sukalde esperientzia ezberdin eta berritzaile batez gozatu nahi duten turistei zuzendua dago. Eskaintzen diren plan gastronomiko ezberdinak entitate turistikoak kudeatzen duen Erreserba Zentroan daude erosgai.

Horrela, eskaintzen diren esperientzia batzuk hauek dira: zaporeen ibilbidea (pintxoen ibilbide turistikoa); dastaketa ibilbide gastronomikoa; pintxo tailerra; ardo dastaketa; pintxo berrikuntza tailerra; afari pribatuak; euskal sukaldaritzako eskolak; Ordiziko Azokako ibilbidea, garaiko produktuekin egindako menuarekin; euskal kostaldetik ibilbide gastronomikoa; Txakoli Experience; sagardotegian bazkaria; egun ahaztezina Errioxan eta abar.