Donostia Zinemaldiak eta Toulouseko Cinelatinok Zinema Eraikitzen sailean proiektuak aurkezteko epea ireki dute

Publicado: domingo, 19 noviembre 2017 12:45

DONOSTIA, 19 Nov. (EUROPA PRESS) -

Donostia Zinemaldiak eta Toulouseko Cinelatino zinema jaialdiak antolatzen duten Zinema Eraikitzen sailean proiektuak aurkezteko epea zabalik dago, 2018ko urtarrilaren 31ra arte. Egitasmoaren 33. edizioa 2018ko martxoaren 22an eta 23an izango da, Cinelatino, Rencontres de Toulouse ekimenaren baitan.

Zinema Eraikitzen ekimenaren helburua Latinoamerikan ekoitzitako film luzeak bukatzen laguntzea da, betiere, postprodukzio fasean zailtasunak badituzte. Bi zinemaldietako batzordeek aukeratutako sei film profesional talde baten aurrean aurkeztuko dituzte, talde horrek laguntza eman dezan film horiek amaitzeko, banatzeko eta zinema jaialdietan presente egoteko.

Bere arduradunek adierazi dutenez, Zinema Eraikitzen ekimenari esker Latinoamerikako film luze garrantzitsuenetako batzuk amaitu eta merkaturatu dira, eta talentu berri ugariri bultzada eman die, besteak beste, Jayro Bustamente, Ciro Guerra, Emiliano Torres, Pepa San Martin, Christopher Murray, Juan Sebastian Mesa, Lorenzo Vigas, Mariana Rondon, Alejandro Fernandez Almendras, Sebastian Lelio, Juan Andres Arango edo Amat Escalanteri.

2017an, Zinema Eraikitzen saileko filmak ospe handiko nazioarteko zinemaldietan hautatu dituzte: Marcela Saiden "Los Perros" (Canneseko zinemaldiko Kritikaren Astea eta Donostia Zinemaldiko Horizontes Saria), Valeria Pivato eta Cecilia Atanen "La novia del desierto" (Canneseko Un Certain Regard saila eta Donostia Zinemaldiko Horizontes Latinos saila), Gustavo Rondonen "La Familia" (Canneseko Kritikaren Astea eta Donostia Zinemaldiko Horizontes Latinos saila), eta Natalia Garagiolaren "Temporada de Caza" (Veneziako zinemaldiko Kritikaren Astea eta Donostia Zinemaldiko Horizontes Latinos saila).

"Zinema Eraikitzen saila, beraz, funtsezko hitzordu bilakatu da Europako eta Latinoamerikako ekoizleentzat eta industriako profesionalentzat", nabarmendu dute ekimenaren arduradunek.