Donostia Zinemaldiak kartelak hautatzeko sareko hirugarren lehiaketa deitu du

Sareko kartel lehiaketa abiarazi du 62. Zinemaldiak
Foto: DONOSTIA ZINEMALDIA
Actualizado: miércoles, 29 enero 2014 13:56

DONOSTIA, 29 (EUROPA PRESS)

   Donostia Zinemaldiak 62. edizioko irudi ofizialak izango diren kartelak hautatzeko sareko hirugarren lehiaketa deitu du. Aurreko urteetako arrakastaren ondoren, Zinemaldiak berriz ere ekimen ireki honen aldeko apustua egitea erabaki du sorkuntza eta partaidetza sustatzeko eta jaialdiaren hedapena bultzatzeko helburuekin.

   Lehiaketa proposamenak aurkeztu nahi dituzten diseinatzaile guztiei irekita dago, eta herritarrek kartelik gustukoenak bozkatzeko aukera izango dute. Ondoren, epaimahai batek irabazlea hautatuko du boto gehien lortzen duten lanen artean. Era berean, irabazle ateratzen diren lanen aldeko botoa ematen dutenen artean sariak zozkatuko dira.

   Antolakuntzak jakinarazi duenez, honako sail hauetan aurkeztu ahal izango dira 62. ediziorako kartelak: Ofiziala, Zuzendari Berriak, Horizontes Latinos, Zabaltegi, Perlak eta Culinary Zinema. Parte hartzaileek sail bakarrera edo guztietara aurkezteko aukera izango dute, eta, gainera, nahi beste kartel aurkeztu ahal izango dituzte lehiaketara.

   Aurreko urteetan bezala, jaialdiaren atari ofizialean gune espezifiko bat egongo da: www.sansebastianfestival.com/kartellehiaketa. Gune horrek partaidetza bultzatu eta lehiaketaren kudeaketa ahalbidetuko du, eta fase hauetako bakoitzaren garapena gertutik jarraitu ahal izango da.

FASEAK

   Izena emateko eta proposamenak aurkezteko epea urtarrilaren 30etik martxoaren 6ra bitartean egongo da irekita. Ondoren, herritarrek martxoaren 10etik 28ra bozkatu ahalko dute, eta finalisten jakinarazpena apirilaren 2an egingo da. Azkenik, kartel irabazleak eta aipamen berezia dutenak maiatzaren 9an ezagutuko dira.

   Kartel irabazleak aukeratzeko lehen hautaketa bat egingo da gehienez saileko 20 proposamenekin, hau da, www.sansebastianfestival.com/kartellehiaketa gunean publikoaren boto gehien jaso dituzten sail bakoitzeko hamar proposamenekin eta Zinemaldiak berak hautatutako beste hamarrekin. Zinemaldiak proposamenen originaltasunari erreparatuko dio bereziki, bai eta diseinuari, konposizioari eta sortzen duten begi-inpaktuari ere. Kartel hauek izango dira apirilaren 2an jakinaraziko diren lehiaketaren finalistak.

   Epaimahai batek sail bakoitzeko irabazleak hautatuko ditu apirilaren 4an, eta irabazleen izenak maiatzaren 9an Donostia Zinemaldiak antolatuko duen prentsaurreko batean ezagutaraziko dira. Prentsaurreko horretan, saritutako lan guztiak aurkeztuko zaizkie komunikabideei. Egun horretan bertan, informazio hori guztia Zinemaldiaren webgunean argitaratuko da, bai eta lehiaketaren orrian ere.

   Lehiaketaren irabazleak edo irabazleek 3.000 euro garbi jasoko dituzte kartel ofizialaren kasuan eta 1.000 euro garbi gainontzeko beste sailen kasuan. Gainera, sail bakoitzeko kartel irabazleari botoa eman dioten herritarren artean, sei sari banatuko dira (bat sail bakoitzeko): hamar emanaldirako abonamendu bat eta Zinemaldiaren 62. edizioko argitalpen sorta bat.