Donostia Zinemaldiaren Ikusmira Berriak programak 157 proposamen jaso ditu, iaz baino 120 gehiago

Ikusmira Berriak
DONOSTIA ZINEMALDIA
Actualizado: martes, 11 abril 2017 11:37

DONOSTIA, 11 (EUROPA PRESS)

Donostia Zinemaldiak egonaldiak eta proiektu zinematografikoak garatzeko laguntza eskaintzen ditu Ikusmira Berriak programaren bitartez, eta, joan den astean hirugarren edizioan izena emateko epea amaitu ondoren, 19 herrialdetako 157 proposamen jaso ditu. Horrek esan nahi du %320tik gorako igoera izan dela 2016an (37) eta 2015ean (32) erregistratutako eskarien aldean. "Zenbakiek indartu egiten dute programarako sarbide berrien alde egindako apustua", zinemaldi donostiarraren arduradunek nabarmendu dutenez.

Programaren lau kategoriak berritu dira aurten: Zinemaldiaren azken edizioko Zinema Ikasleen Nazioarteko Topaketako parte hartzaileak, Euskal Autonomia Erkidegoko errealizadoreak, Espainiako gainerako lurraldeetako errealizadoreak eta atzerriko errealizadoreak.

Aldaketa horren helburuetako bat programaren nazioarteko izaera indartzea da, eta, hain zuzen ere, atzerriko errealizadoreen kategorian jaso dira hautagaitza guztien %62 (97 guztira). Gehienak Latinoamerikako herrialdeetakoak dira, Argentina (29), Kolonbia (13) eta Txile (12) buru izanik, baina beste herrialde batzuetako proiektuak ere erregistratu dira, esaterako, Alemaniakoak, Frantziakoak edo AEBetakoak. Era berean, Zinema Ikasleen Nazioarteko Topaketako bost proposamen jaso dira, Euskal Autonomia Erkidegoko zuzendariek 18 proposamen aurkeztu dituzte, eta Espainiako gainerako lurraldeetakoek, berriz, 37. Programarako hautatutako lau proiektuak maiatzean jakinaraziko dira.

Aurretiko hautaketa egingo dute Carlo Chatrian Locarnoko Zinemaldiko zuzendariak, aurten lehen aldiz lan horretan arituko denak, eta Sergio Oksman zinemagileak eta Ada Solomon produktoreak, euren bigarren urtean. Lan irabazleen egileek sei asteko egonaldia izango dute Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroan. Lehen lau asteetan, errealizadoreek beren proiektuak landuko dituzte Tabakalerako Sortzaileen Gunean. Zinemaren arloko profesionalek eskola magistralak emango dizkiete, eta adituen batzordeko kideen aholkuak ere jasoko dituzte.

Egonaldiko bosgarren astean 'pitching' saioa prestatuko dute, hau da, egonaldiko seigarren eta azken astean egin beharreko proiektuaren aurkezpena. Industriako profesionalei aurkeztuko diete, Donostiako Zinemaldiko Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroaren esparruan. Egoiliarrek euren proiektuetan laguntzeko interesa duten bertaratutako profesionalekin hitzorduak egiteko aukera izango dute, eta gainera, Zinemaldiko emanaldietara eta industria jardueretara joateko akreditazioa izango dute.

LAGUNTZA EKONOMIKOA

Gainera, Ikusmira Berriak ekimenak 20.000 euroko laguntza ekonomikoa emango du, hautatutako proiektuen artean banatu beharrekoa. Halaber, REC Grabaketa Estudioak bere postprodukzio zerbitzuak eskaintzen ditu sari moduan film labur baterako (10.500 eurotan baloratua) eta film luze baterako (35.000 eurotan baloratua).

Ikusmira Berriak programak berrikuntzaren eta hizkuntza berrien alde egiten duten talentu berriak nahiz ekoizleak eta ikus-entzunezko industriak inplikatu nahi ditu. Tabakalerak eta Donostia Zinemaldiak antolatzen dute, REC Grabaketa Estudioaren eta Euskadiko Filmategiaren laguntzarekin, eta Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburuaren ondarearen parte da.