Zinemak ikusleen zentzumenei eragiten dien "gozamena" islatzen du Donostia Zinemaldiaren kartelak

Matias Francolino eta Blanka Barrio izan dira egileak
Foto: DONOSTIA ZINEMALDIA
Actualizado: viernes, 8 mayo 2015 13:22

DONOSTIA, 8 (EUROPA PRESS)

   Donostia Zinemaldiak 63. edizioaren irudia aurkeztu du. Kartel ofizialaren diseinuak "zinemak ikusleen zentzumenei eragiten dien gozamena" irudikatzen duela adierazi dute bere arduradunek, Donostiako Eureka! Zientzia Museoko Newton auditoriumean egindako aurkezpenean. 63. Zinemaldia irailaren 18tik 26ra bitartean izango da.

   Sail Ofizialeko eta Zuzendari Berriak, Horizontes Latinos, Perlak, Zabaltegi eta Culinary Zinema sailetako kartel irabazleak dira aurkeztu direnak. Mundu osoko diseinatzaileek parte hartu ahal izan dute laugarren urtez deitu den lehiaketan, eta aurtengoa, gainera, denetan jendetsuena izan da, 415 egileren 1.726 proposamen jaso baititu.

   Kartel ofizialaren kategorian, Matías Francolino diseinatzaile grafiko eta ilustratzaile uruguaiarraren eta Blanka Barrio Uruguain bizi den Gasteizko diseinatzailearen "El espectador" izan da. Kartelaren asmoa, "zinemak ikusleen zentzumenei eragiten dien gozamena irudikatzea da, errealizatzaileen eta ikusleen arteko sinbiosiari eginiko omenaldi bat".

   Zuzendari Berriak kategorian, Mateusz Marek diseinatzaile poloniarraren "Family" izan da irabazlea. Bere esanetan, "zuzendari berriek ematen duten freskotasun irudia eta etorkizunean metatu ahal izango duten jakintza atzematen saiatu naiz: errotuladoreak, boligrafoak eta pintzelak A4an".

   Horizontes Latinos kategorian, Maite Rosende ilustratzaile donostiarraren "Mi horizonte" kartelak irabazi du. Egileak adierazi duenez, "kolore primarioak bakarrik erabilita eta lurra gogoraraziko digun testura erantsita hamaika esanahi eta irakurketa izan ditzakeen irudi sinplea sortu nahi izan dut. Horizontea, alegia, itxuraz zerua eta lurra bereizten dituen lerro hori irudikatzeko begirada infinituko emakume baten aurpegiaren soslaia erabili dut".

   Perlak kategorian, "Perlas que brillan como estrellas" izan da irabazlea, Andoni Tebar Gaztambide diseinatzaile donostiarrarena. "Zinemak hainbat istorio oparitzen dizkigu urtero: errealitate imajinaezinei buruzkoak, erromantikoak, akziozkoak, fikziozkoak. Mundu osoko zinema jaialdietan proiektatzen diren film handiak, gaur gure zinemaldiko perla direnak...", azaldu du.

ZABALTEGI

   Halaber, "Tuberias 3" kartela aukeratu da Zabaltegi atalaren irudia izateko. Egilea Marco Tóxico artista grafiko boliviarra da. Hainbat herrialdetan erakutsi eta argitaratu du bere lana, eta Ukrainan egiten den COW International Design Festival jaialdiko 2012ko hamar diseinatzaile onenetako bat izan zen. 2014an bere kartel bat aukeratu zuten Kanadako Montreal International Film Festival zinemaldiko irudi ofiziala izateko.

   "Zabaltegi muga formalik edo tematikorik gabeko zinemari eskainitako gunea izanik, kartelak bilaketa bat islatzea iruditu zitzaidan egokiena; amaierako helmugara inoiz ez iristera kondenaturiko bilaketa bat, bidea eginez ikastera eta, batez ere, bide aukera guztiekin gozatzera zuzendutako abentura bat. Oinetakoa hodi labirinto arraro batean galdu duen pertsonaia bat erabiltzea erabaki nuen, zinema erakusketa sailkaezin honetara hurbiltzen diren ikusleak bezala", azaldu du egileak.

   Zinemari eta gastronomiari eskainitako Culinary Zinema sailari dagokionez, hautatutako kartela Noemí Gómez Lobo asturiarrak eta Diego Martín Sánchez salamancarrak osaturiko taldeak eginiko "Marilyn" izan da. Taldea 2012tik ari da lanean artearen, arkitekturaren eta diseinuaren arteko muga lausoak arakatzen dituzten hainbat proiektutan.

   "Egilearen, zinemagilearen, sukaldariaren eta aktorearen ikuspegia eta haien ikono bilakatzeko prozesua ardatz izanik, mokadu batek, film batek edo musu batek eragiten digun sentimendu bizi bezain iragankorra izan da gure abiapuntua. Marrubi baten sekzioaren eta txokolate tanta baten bitartez Marilynen ahoko orin bat irudikatu nahi izan dugu, kartela bera joko bilakatuta. Bestalde, marrubiaren kolorearen intentsitateak kontrastea egiten du atzealde neutroarekin, goi sukaldaritzako mokadu batek mugarik gabeko plater batean bezalaxe", adierazi dute.