Donostia Zinemaldiko 60. edizioak atzera begirakoa eskainiko dio Georges Franjuri

Franjuren "Judex" filmaren irudia
Donostia Zinemaldia
Actualizado: viernes, 27 enero 2012 14:53

DONOSTIA, 27 Ene. (EUROPA PRESS) -

Donostia Zinemaldiko 60. edizioak atzera begira bat eskainiko dio Georges Franju zinemagile frantsesari irailaren 21etik 29ra bitartean, eta bere zenbait film labur eta luze eskainiko ditu, zinemaldi donostiarreko arduradunek prentsa ohar bidez jakinarazi dutenez.

Zikloari esker, Franjuren filmografia berreskuratuko da, zuzendaria jaio zela ehun urte betetzen direnean. Zikloa Espainiako Zinematekarekin batera dago ekoitzita, eta Quim Casasek eta Ana Cristina Iriartek koordinatutako liburu bat ere izango du lagun.

Georges Franju zinemagileak (1912-1987) sekulako garrantzia izan zuen Frantziako kultura zinematografikoan. Henri Langlois zaharberritzaileak eta biek Frantziako Zinemateka sortu zuten 1936an. Zuzendari lanetan 1949an hasi zen, dokumentalgintzan, zehazki. Genero horretan, historiara igaro diren zenbait lan egin zituen, hala nola "Le Sang des bêtes", "Hôtel des Invalides" edota "En passant par la Lorraine". Lan horiekin argi utzi zuen zer-nolako talentu berezia zuen ezusteko angeluetatik errealitatea filmatzeko. Ezaugarri horri esker, testigantza-film hauetan surrealismotik eta espresionismotik gertu dagoen sentsibilitatea nabari daiteke.

Franjuk, kameraren bidez "objektuen poesia kontaezina bilatzeko obsesioa" zuen, eta nahi horri eutsi zion fikziozko film luzeak egiten hasi zenean, hau da, "La Tête contre les murs" (1958) egin zuenean, edota ondoren egindako "Les Yeux sans visage" (1959) lanean. Bigarren film hori fantasiazko zinemagintzako maisulan gisa jotzen dute.

Herri-kulturak, foiletoiek eta zinema mutuko serialek liluratu egiten zuten zinemagile frantsesa, eta halaxe nabari da "Pleins feux sur l'assassin" (1960), "Judex" (1963) edota "Nuits rouges" (1974) filmetan. Guztiak garai bateko intrigazko eta misteriozko kontakizunen bakuntasuna berreskuratu nahi duten estilo-ariketa erabatekoak dira, eta zinema, plazer narratibo ez ezik, begietarako plazer gisa ere aldarrikatzen dute.

Literaturako obra klasikoak egokitzeko gaitasunagatik ere nabarmendu zen Franju, eta obra horiei bere ukitu pertsonala ipintzeko sekulako gaitasuna zuen. Hala, aipatzekoak dira François Mauriac ("Thérèse Desqueyroux", 1962), Émile Zola ("La Faute de l'Abbé Mouret", 1970), Joseph Conrad ("La Ligne d'ombre", 1973) edota Jean Cocteau ("Thomas l'imposteur", 1964) egileen lanen moldaketak.

Horrela, Donostiako Zinemaldiko arduradunen arabera, gaur egun "modu bidegabean" ahaztuta dagoen arren, Franjuren lanak ospe handia izan zuen kritikaren artean, eta nouvelle vague mugimenduko zinemagile gazteen mirespena ere lortu zuen.