Donostiak Japoniarekin harreman gehiago izateko bide berriak ireki dituela nabarmendu du Goiak

Donostiako alkatea Marugamen
DONOSTIAKO UDALA
Actualizado: viernes, 24 febrero 2017 12:23

DONOSTIA, 24 (EUROPA PRESS)

Eneko Goia Donostiako alkatea "oso pozik" agertu da udal ordezkaritzak Japoniara egindako bidaia "probetxuzkoa" izan delako eta herrialde asiarrarekin harreman gehiago izateko bide berriak ireki direlako. Halaber, Marugame hiri senidetuarekin harremana sendotu dela eta gastronomia, kultura edo turismoan elkarlan berriak bultzatu direial nabarmendu du.

Donostiako ordezkaritzak Japonian azken orduak ditu eta, horietan, besteak beste, Europako Kultura Hiriburutza sarearekin bilera egin du. Bertan, azken Europako Kultura Hiriburu izan diren hainbat hiritako 50 ordezkarirekin egon dira. Bilera Danimarkako enbaxadan egin da -Aarhus 2017ko Europako Kultura Hiriburua da- eta hirien zein EU Japan Fest kolaboratzailearen arteko sarea indartzeko balio izan du.

Gainera, Europako Kultura Hiriburutzek Japoniako elkarte turistikoekin bilera egin dute. Elkarte turistikoak hiriekiko interesa eta Japonian promozioa egiteko interesa erakutsi dute. Horren harian, Donostiako ordezkariak "Gurunavi" Japoniako gida gastronomiko nagusiarekin egoteko aukera izan dute. Gidaren arduradunek interes handia erakutsi dute Donostiako gastronomia argitalpenean jasotzeko.

Bileran, Eneko Goiak, Donostia Kulturako zuzendari Jaime Otamendik eta "Gurunavi" gidaren zuzendari Mr. Kubok parte hartu dute. Kubok euskal eta donostiar gastronomiaren jarraitzailea dela esan du, eta Donostiako ordezkariek argitalpenean egoteko interesa erakutsi diote, Japoniatik Donostiara hiriaz eta gastronomiaz gozatzera joaten diren turistei informazio ona ematen baitie.

BALORAZIOA

Behin bilerak amaituta, Donostiako alkateak asteko balorazioa egin du. Goiak esan du astea "bizia eta oso positiboa" izan dela. "Japoniako herriak harrera oso beroa egin digu eta uneoro Donostiarekin elkarlana bultzatzeko asmoa erakutsi dute", adierazi du.

Astea Marugame hiri senidetuan hasi zen. Bertan, Goiak azaldu duenez, Donostiak eta Marugamek harremanak sendotu dituzte eta elkarrekin hainbat proiektu garatuko dituzte. Ondoren, ordezkariak Taki hirira joan ziren. Taki Mieko prefektura dagoen hiri txiki bat da. Bertan, gastronomian elkarlana sustatzeko borondatea azaldu diete, Donostiak parte hartu dezakeen asmo handiko proiektu batekin. Proiektuak "Little San Sebastian" du izena eta segidakoan datza: pintxoak ematen dituzten sei tabernaz osatutako kalea egingo dute. Bertan, Donostiako giroa irudikatu nahi dute.

Japoniara bisitak Donostiari balio izan dio Europako Kultura Hiriburutza osatzen duten beste hainbat hirirekin eta EU Japan Fest kolaboratzailearekin harremanak sendotzen jarraitzeko. "Astean egin dugun lana eta izan ditugun bilerak oso produktiboak izan dira eta hurrengo asteetan lortutakoa isla izango du eta proiektu zehatz bihurtuko dira", azaldu du.