Donostiako 14-17 urteko zortzi gazte, Aarhusera irailean

Wiesbaden hirian egin zen aurreko topaketa
DONOSTIAKO UDALA
Actualizado: miércoles, 25 enero 2017 12:57

   DONOSTIA, 25 (EUROPA PRESS)

   Donostiako 14 eta 17 urte bitarteko zortzi gazte Danimarkako Aarhus hirira joango dira datorren irailean, European Youth Consensus 2017 Topaketan parte hartzeko. Donostiako Udaleko Gazteria Sailak topaketa horretan parte hartzeko gonbidapena jaso zuen, eta, bere helburuekin bat egiten duenez, parte hartzea erabaki du.

   Gazte topaketa aurten Europako Kultura Hiriburu den Aarhus hirian izango da. Helburua da Europa guztiko 14-17 urteko gazteak elkartzea, eskubideen eta demokraziaren inguruan aritzeko. Gazteen ahotsa indartu nahi da, eta horretarako Europako kulturaren eta politikaren inguruan eztabaidatzeko bidea eskainiko duen plataforma bat sortzea da asmoa, hau da, Europako gazteen artean sare sendo bat sortzea, eskubideak eta demokraziari buruz aritzeko, sormen ikuspegi batetik.

   Donostiako Udalak adierazi duenez, "gazteak herritar aktibo eta sortzaile diren heinean, kultur ikuspegi anitza eta eztabaida demokratikoetan ahots indartsua izan dezakete". "Aniztasunaren ikuspegitik, gazteek demokraziaren ulermena lortzea da garatu nahi dena. Garapen horretan laguntzea izango da topaketaren helburua", gaineratu du.

   Horrela, eta Donostiako Udaleko Gazteria Sailak helburu horrekin guztiz bat egiten duenez, topaketan parte hartzea erabaki du, eta 14-17 urteko zortzi gazte donostiar joango dira Aarhus hirira irailean. Bertan, irailaren 10etik 15era, gazteak demokrazia eta eskubideen inguruan mintzatuko dira.

   Zortzi plazetatik bi udal gaztelekuetako erabiltzaileentzako erreserbatuko dira, eta gainontzeko sei plazak deialdi ireki honen bidez beteko dira. Deialdi irekiaren bidez onartutako lagun kopurua eskainitako plazarena baino handiagoa bada, zozketa publiko bitartez egingo da hautaketa. Hautatuak izan ez direnekin itxaron zerrenda bat osatuko da. Gaztelekuetarako erreserbatutako bi plazak beteko ez balira, deialdi irekiko itxaron zerrendatik hartuko dira.

   Izen emateak Internet bitartez (www.donostia.eus/Europa) eta Donostiako Udaleko Gazteria Bulegoan egin daitezke, astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 14:00etara. Izena emateko epea ostegunetik otsailaren 6ra bitartean egongo da zabalik eta zozketa otsailaren 7an egingo da.