Donostiako 49. Heineken Jazzaldiko kartel lehiaketara lanak aurkezteko epea irekiko da ostegun honetan

Publikoa iazko edizioko kontzertu batean
Foto: HEINEKEN JAZZALDIA
Actualizado: miércoles, 8 enero 2014 12:59

DONOSTIA, 8 (EUROPA PRESS)

   Heinekenek Donostiako 49. Heineken Jazzaldiko kartela hautatzeko lehiaketa antolatu du, eta lanak aurkezteko epea zabalduko du ostegun honetan, urtarrilaren 9an. Jaialdia uztailaren 23tik 27ra bitartean egingo da.

   Antolakuntzak jakinarazi duenez, saria 1.200 eurokoa da eta, Heineken Jazzaldia Europako jaialdi garrantzitsuenetakoa eta tradizio handienetakoa izaki, irabazleak bere diseinua milaka pertsonei helarazteko aukera izango du.

   Lanak www.heinekenjazzaldia.com webgunearen bitartez soilik aurkeztu ahal izango dira, eta bertan daude lehiaketaren oinarriak. Lanak aurkezteko epea urtarrilaren 9ko 11:00etatik otsailaren 19ko 19:00ak arte egongo da zabalik.

   Irabazlea hautatzeko, webgunean jendearen boto gehien jasotako hamar hautagaiak aukeratuko dira aurrez, eta beste hamar kartel Heinekenek hautatuko ditu Jazzaldiarekin batera. Kartel irabazlea hautatuko duen epaimahaiak laster adieraziko diren hainbat arlotako kideak bilduko ditu, eta haiekin batera izango dira Heineken Jazzaldiko Antolakuntza Batzordeko bi kide eta Heinekenen bi ordezkari.

   Webgunearen bitartez finalistak hautatzeko bozketan parte hartzen dutenen artean jaialdirako bi bonu eta Heinekenek aukeratutako lau izarretako hotel batean bi pertsonentzako ostatua zozkatuko dira. Otsailaren 24ko 11:00etatik martxoaren 10eko 18:00ak arte eman ahal izango da botoa.