Donostiako 50. Heineken Jazzaldiak 124.000 lagun bildu ditu

Actualizado: lunes, 27 julio 2015 17:53

DONOSTIA, 27 (EUROPA PRESS)

   Donostiako Heineken Jazzaldiaren 50. edizioa "erabateko arrakasta" izan da maila artistiko zein publikoaren erantzunaren aldetik, eta, horrela, uztailaren 22tik 26ra bitartean 124.000 pertsona baino gehiago gerturatu dira 17 agertokietan programatutako emanaldietara, horietako %80 doakoak.

   Miguel Martin Heineken Jazzaldiko zuzendariak prentsaurrekoa eman du astelehen honetan, Miren Azkarate Donostiako Udaleko 2016, Kultura, Euskara eta Hezkuntzako zinegotzi delegatuarekin batera, jaialdiaren azken edizioko balantzea egiteko.

   Modu honetan, bi egunetan euria egin duen arren, jaialdiko eszenatoki ezberdinetan "jendetza" izan dela azpimarratu du, baita Trinitate plazako sarrerak agortu egin direla eta Zurriolako Agertoki Berdean eta Kursaaleko Terrazetan "giro bikaina" sortu dela.

   Artistek "esperotakoa baino gehiago" eman dutela ziurtatu du, eta Jamie Cullum nabarmendu du, hiru agerraldi egin dituelako: Agertoki Berdean DJ gisa, Kursaal Auditoriumean bakarlari moduan -pianoa, gitarra eta ahotsa erabiliz-, eta Urgull ingururaino jendez gainezka zegoen Trinitate plazan, big band baten buru bezala. "Publikoak sutsuki gozatu zuen britainiar artistaren jeinutasunaz eta jendearekin konektatzeko duen gaitasunaz", gaineratu du.

   Trinitate Plazan aritu ziren emakume abeslari guztiek ere ikus-entzuleak "liluratu" zutela esan du Martinek, bakoitzak bere estiloan: Sílvia Pérez Cruzek mediterranear sentsibilitatearekin; Zazek bere jazz manouche estilo dibertigarriarekin eta chanson frantsesa erakargarriarekin; Dee Dee Bridgewater "bere ahots zoragarriarekin oholtza menperatuz"; Melody Gardot sofistikatuak banda itzelaren babesarekin; eta Andrea Motis gazteak, abeslari izateaz gain, saxofoia eta tronpeta jotzeko ahalmena erakutsiz.

KULTURA, EKONOMIAREN ERAGILE

   Bestalde, 2016, Kultura, Euskara eta Hezkuntzako zinegotzi delegatu Miren Azkaratek azpimarratu du Jazzaldiak berriro erakutsi duela, "kultura ere ekonomiaren eragile garrantzitsua". "Eta datuak hor daude. Jende asko etorri da Jazzaldia ikustera, eta horrek erakusten du Donostia kultura hiri erakargarria dela", azaldu du.

   Horren harira, Heineken Jazzaldiaren zuzendari Miguel Martinen eta bere taldearen lana eskertu du: "Berriro erakutsi dute profesional handiak direla eta, bere lanari esker, Donostia Europako zein munduko kultur mapan jarri dute".

   Era berean, Azkarate pozik agertu da jaialdia ondo joan delako eta eskerrak eman dizkie parte hartu duten erakunde zein babesleei. Bere ustez, horrek erakusten du, beste behin, arlo publiko eta pribatuaren arteko elkarlanak emaitza onak ematen dituela. "Eta Jazzaldia horren adibide da", gaineratu du.

   Hallaber, azpimarratu du Jazzaldiak "ekarpen handia" egiten duela gazteek kultura kontsumitu dezaten, "betiere, kontsumo hitza bere esanahirik onenean ulertuta". Bere ustez, Jazzaldiko agertokietan hainbeste gazte ikustea horren adibide da.

   Azkenik, Jazzaldian euskal musikari gazteek "parte hartze ezin hobea" izan dutela azpimarratu du, eta "irmotasunez" erakutsi dutela "izar handiekin oholtza beran egoteko gai" direla.