Donostiako 51. Heineken Jazzaldiko kartela hautatzeko lehiaketa abenduaren 9an abiaraziko da

Actualizado: viernes, 4 diciembre 2015 13:32

DONOSTIA, 4 (EUROPA PRESS)

   Donostiako Heineken Jazzaldiak 51. edizioko kartela aukeratzeko lehiaketara lanak aurkezteko epea abenduaren 9an irekiko da, eta 2016ko urtarrilaren 14an itxiko. Irabazleak 1.200 euro eramango ditu. Jazzaldi donostiarra 2016ko uztailaren 20tik 25era bitartean egingo da.

   Antolakuntzak jakinarazi duenez, lehiaketan parte hartu nahi dutenek www.posterheinekenjazzaldia.com web orrian soilik aurkeztu ahalko dituzte lanak, eta lehiaketaren oinarriak ere web orri berean daude. Lanak aurkezteko epea abenduaren 9ko 11:00etatik urtarrilaren 14ko 17:00ak arte egongo da zabalik.

   Irabazlea hautatzeko, www.posterheinekenjazzaldia.com webgunean jendearen boto gehien jasotako hamar hautagaiak aukeratuko dira aurretik, eta beste hamar kartel Heineken Españak hautatuko ditu, Heineken Jazzaldiarekin batera.

   Kartel irabazlea hautatuko duen epaimahaiak laster jakinaraziko diren hainbat arlotako kideak bilduko ditu. Haiekin batera izango dira Heineken Jazzaldiko antolakuntzako bi kide eta Heinekenen bi ordezkari.

   www.posterheinekenjazzaldia.com webgunearen bitartez finalistak hautatzeko bozketan parte hartzen dutenen artean Trinitate Plazarako bi bonu zozkatuko dira. Botoa urtarrilaren 21eko 11:00etatik otsailaren 10eko 17:00ak arte eman ahal izango da.