Donostiako 615 establezimenduk bat egin dute euskara sustatzeko kanpainarekin

Actualizado: jueves, 16 abril 2015 16:17

DONOSTIA, 16 (EUROPA PRESS)

   Donostiako 615 establezimenduk bat egin dute orain arte denda eta tabernetan euskara sustatzeko Udalak abian jarritako kanpainarekin, eta modu horretan, euskaraz hitz egiteko eta euskaraz artatuak izateko aukera bermatuta daukate herritarrek establezimendu horietan guztietan.

   Horrela, "Merkataritzan eta ostalaritzan ere euskaraz" egitasmoaren bigarren faseak emaitza "oso positiboak" eman dituela nabarmendu du Donostiako Udalak. 2015ean egindako fase honetan, Antigua, Ibaeta, Erdialdea eta Amarako (Easo plaza eta Mendeurrenaren plaza ingururaino) establezimenduak bisitatu dira eta bertako 290 establezimenduk bat egin dute egitasmoarekin.

   Lehen fasean, Parte Zaharra, Intxaurrondo eta Donostiako bederatzi kale komertzialetako (Secundino Esnaola, Karmengo Andre Maria, Antso Jakituna, Madrid hiribidea, Garibai, Hondarribia, Urbieta, Matía eta Larratxo) establezimenduak bisitatu ziren eta 301 denda eta tabernek parte hartzea erabaki zuten. Horrez gain, hiriko beste 24 establezimenduk Euskara Zerbitzuaren webgune bidez egin dute eskaera.

   Nerea Txapartegi Udal Gobernuko Euskara arduraduna pozik agertu da  emaitzarekin. "Orain arte 615 establezimenduk egin dute bat kanpainarekin, establezimendu horietan bezeroei arreta eskaintzen ari diren langileen erdiek edo gehiagok euskaraz ondo hitz egiteko gaitasuna dute eta hori jakinarazteko eranskailu bat jarri dute, identifikatu egin dira, bezeroek hori ikustean bertan euskaraz egin dezaketela jakin dezaten. Era berean, lehen hitza euskaraz egiteko konpromisoa hartu dute eta euskaraz egin nahi duen bezeroari aukera hori bermatuko diote", azaldu du.

   Establezimendu horiek guztiak www.donostiaeuskaraz.eus webgunean jarritako mapa interaktiboan daude, jendeak jakin dezan zein establezimendutan euskaraz egin dezaketen. Era askotako establezimenduak parte hartu dute: dendak, arrandegiak,  harategiak, tabernak, jatetxeak, bidai agentziak, botikak, ile apaindegiak, optikak, okindegiak eta abar.

   Aurrerantzean, baldintzak betetzen dituen edozein establezimenduk aukera du egitasmoan parte hartzeko www.merkatari.eus edo www.donostiaeuskaraz.eus webguneen bitartez. Bertan formulario bat betetzea nahikoa du eskaera egiteko.

   Halaber, ostiral honetatik aurrera sustapen ekintzak egingo dira Erdialdean, Amaran eta Antiguan. Kanpainaren informazioa zabaldu eta herritarren parte hartzea sustatzeko, postu ibiltariak jarriko dira hainbat kaletan datozen bi ostiraletako (hilak 17 eta 24) arratsaldeetan eta bi larunbatetako (18 eta 25) goiz eta arratsaldeetan.

   Postu horietan herritarrek esaldiren bat idatzi edo marrazkiren bat egin ahal izango dute eta kanpainarekin loturiko materiala eskuratu (globoak, txapak, orri markatzaileak). Horrez gain, argazkiak ateratzeko gune bat ere egongo da nahi duen herritarrak kanpainarekin bat egin dezan.

   Ekimen horietan parte hartzen duten herritarrek lehiaketa batean parte hartuko dute. Parte hartu duten guztien artean 50 euroko hamar sari banatuko dira eta irabazleek diru hori egitasmoan parte hartzen duten establezimenduetan gastatu beharko dute maiatza bukatu baino lehen. Horrez gain, euskararen erabilera sustatu eta ekimena ezagutzera emateko #ereeuskaraz kanpaina abian jarriko da Twitterren.

ELKARLANEAN

   Euskara Zerbitzuak "Merkataritza eta ostalaritzan ere euskaraz" egitasmoa sektoreko hainbat eragilerekin (Donostiako Sustapena, Donosti SShops, Gipuzkoako Merkatarien Federazioa, Auzoa, Zaharrean eta Gipuzkoako Ostalaritza Elkartea) eta euskararen alde lan egiten duten zenbait elkarterekin (Bagera, Batzen, Bizarrain, Plazara Goaz, Parte Zaharrean Bizi) jarri du martxan.

   Nerea Txapartegik azaldu du esparru guztietan sustatu behar dela euskararen erabilera. "Donostia Euskararen Hiria da eta leku guztietan sustatu nahi dugu euskararen erabilera, administrazioan, baina baita denda, taberna, jatetxe eta abarretan; bezeroak euskaraz ere artatuak izango direla bermatu nahi dugu, leku publiko zein pribatuetan", adierazi du.

   Horrekin batera herritarrak ere euskara erabiltzera animatu ditu. Horretarako, "Donostian ere euskaraz" kanpaina egin berri du Udalak, "donostiarrak lehen hitza euskaraz egitera eta euskara erabiltzera animatzeko".