Donostiako Amstel Surfilm jaialdiak "oso harrera ona" izan duela esan dute antolatzaileek

Actualizado: viernes, 17 junio 2011 15:52

DONOSTIA, 17 Jun. (EUROPA PRESS) -

Surfilm Festibalek eta Donostia Kulturak antolatutako Amstel Surfilm jaialdiaren bederatzigarren edizioak "oso harrera ona" izan du. Ekainaren 3tik 12ra ospaturiko jaialdiak zabaldu egin ditu aurten bere proposamenak Donostiako leku gehiagotara, hain zuzen ere, Zurriola pasealekura, San Telmo Museora eta Antiguoko frontoira.

Antolatzaileek adierazi dutenez, zine programazioan, mundu mailako eta Europa mailako estreinaldiak, Japoniako surfari eskainitako zikloa, formatu berriak -mikrofilm laburrak, bideoblogak- eta nazioarteko hainbat herrialdetako lanak izan dira.

Halaber, jaialdian zehar inauguratutako Andrew Huges-en "Dominant Wave Theory" erakusketa irekita jarraituko du abuztuaren 31ra arte Aquariumean. Horrez gain, beste hiru erakusketa izan dira aurten Amstel Surfilm jaialdiaren programan: "Fukushima Goes Off!", NoColor galerian (uztailaren 4ra arte); "Kantaurialdeko surfa 1961-2011", Zurriola pasealekuan; eta "Surfa Japonian" Sagueseko Patagonia Surf Store-n.

Proposamen musikalak hauek izan dira, Dotore (San Telmo), Revolutionary Brothers eta King Konsul (Antiguoko frontoia) eta bi gaueko programa (Gazteszena) Soft Circle, Los Punsetes, Edredon eta El Guincho.

Publikoari dagokionez, Antzoki Zaharreko proiekzioetara (hamar saio) 1.821 ikusle bertaratu dira, 300 ikusle izan dira "Olatu Garbiak" jardunaldiko proiekzioetan, Aquariumen, eta 100 San Telmoko zine eta musika saioetan. Gaztekutxa Gauera, Antiguoko frontoian, 500 pertsona bertaratu ziren. Beraz, guztira 2.721 ikusle izan dira Amstel Surfilm Festibaleko zine proiekzioetan.

Beste 100 pertsona bildu ziren Aquariumen, David Carson-ek eman zuen hitzaldian, eta 50 San Telmon, Japoniari buruzko mahai-inguruan. Gazteszenan (Egia Kultur Etxea) bi gautan eman ziren kontzertuetara (Surfilm FestiBaila) 683 pertsona bertaratu ziren. Erakusketak 3.492 pertsonek bisitatu dituzte ekainaren 12ra arte.

Hortaz, guztira 7.046 pertsona izan dira Amstel Surfilm jaialdiaren bederatzigarren edizio honetan, aurreko urtean 6.314 pertsona izan zirela kontuan hartuta guztira %12 gehiago.