Donostiako enpresek 2.000 eurora bitarteko laguntza jasoko dute lanaldi osoko eta sei hilerako kontratu bakoitzeko

Actualizado: miércoles, 30 julio 2014 13:56

DONOSTIA, 30 Jul. (EUROPA PRESS) -

Donostiako Sustapenak, Donostiako Ekonomia Sustatzeko 2014ko Planaren (DESP) esparruan, kontratazioak laguntzeko 240.000 euroko funtsa jarriko du bere baliabideekin, eta horrela, ETEek, autonomoek, irabazi asmorik gabeko erakundeek edo baztertzeko arriskuan dauden pertsonak laneratzeko eta gizarteratzeko enpresek 2.000 eurora bitarteko laguntza jaso ahal izango dute.

Zehazi, gehienez 1.500 euroko laguntza emango da Donostian erroldatutako pertsona langabeak gutxienez sei hilabeterako eta lanaldi osoan kontratatzeko, eta beste 500 euro gehituko dira baldin eta kontratua Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzen duten taldeko pertsonei, lehen enplegua lortzen duten 35 urtetik beherakoei eta urte batetik gora langabezian dauden pertsonei eginez gero.

Era berean, Donostiako Udalak jakinarazi duenez, laguntza osagarria gehituko zaie Altzan eta Egian erroldatutako pertsonei egindako kontratazioei, 2014ko DESP Planean hiriko langabezia tasa handiena duten auzoak bezala identifikatu baitira, edo 27. Industrialdeko eta Papingo enpresek egindakoei.

Enpresa bakoitzeko gehienez bi kontraturentzat emango dute diru laguntza. Eskaerak aurkezteko epea abenduaren 15ean amaituko da, eta oinarriak eta informazio gehiago eskuratzeko, Donostiako Sustapenera jo behar da.

Aurten, Donostiako Ekonomia Sustatzeko 2014ko Planean ia 7,5 milioi euroko zuzkidura izango da, eta egitura estrategikoari eutsiko zaio hiru ildo nagusiren inguruan: ekintzailetza, laneratzea eta lehiakortasuna hobetzea. Modu honetan, 1.150 lanpostu berri sustatu nahi dituzte, lehendik dagoen enplegua finkatzea bultzatzearekin batera.